Oiongo Udaleko osoko bilkurak baiezkoa eman dio Labrazan parke eolikoa eraikitzeko planari. Asteazken gauean izan da bilkura, tentsio handikoa, kalean dozenaka lagunek proiektuaren eta Udalaren kontra protesta egin bitartean. Labraza ez dago salgai, defenda dezagun moduko goiburuak entzun dira.
Oiongo Udala proiektuaren kontra agertu da; alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari, baina Jaurlaritzak atzera bota ditu guztiak. Azkenik, baimen guztiak bideratuta daudela, "baiezkoa ematera behartuta" daudela esan du EH Bilduko Jose Manuel Villanueva alkateak, eta kontra egitea "prebarikazioa" litzakeela. EH Bildu, EAJ eta PPren botoekin, azkenik, oniritzia jaso du proiektuak.
Oiongo Udalak baiezkoa ematea "albiste ezin hobea" dela esan du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, eta eskerrak eman dizkio alkateari, egindako lanagatik. Azkenekoz, Araban, 2005ean eraiki zuten Badaiako parkea, eta Labrazakoa izango da hurrengoa. Aixeindarrek, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako sozietateak sustatutako ekimena da, eta 200 metroko zortzi aerosorgailu instalatuko ditu. Urtean ia 100.000 megawatt-ordu ekoitzi ahal izango ditu, 30.000 etxe hornitzeko adina energia. Udaberrian hasiko dituzte lanak.
Protestak bilkuran eta kalean
Arabako Errioxa Bizirik talde ekologistak, bere aldetik, gaitzetsi egin du erabakia, eta "kontraesana" dela esan du, "batetik proiektua babestu baitute eta beste alde batetik lurraldea defendatu". Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute proiektuaren aurka, besteak beste, aerosorgailuek "inpaktu bisual" handia izango dutelako herrian eta Labrazako herritarrek hartutako erabakiari "bizkarra" eman zaiolako.