Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak eratutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuari Labraza herria "saldu" diotelako protesta egingo du Arabako Errioxa Bizirik plataformak. Oionen deitu dute manifestazioa, apirilaren 4an, arratsaldeko zazpietan.
Ostiralean eman dute beren jarreraren berri Arabako Errioxa Bizirik plataformako kideek, Labrazan egindako prentsa agerraldi batean.
Otsailean Oiongo udalak azken baimena eman eta gero, Aixendarrek Labrazan jarriko duen parke eolikoak tramite guztiak gainditu ditu dagoeneko, baina parke hori eraikitzeak herriko bizilagunei "miseria ekologiko eta soziala" ekarriko diela diote plataformako kideek. Iberdrolak diru laguntza publikoekin "mendi publikoak inbaditzen" dituela salatu dute. "Energia, guztion beharrak asetzeko eskubide izan beharrean, gutxi batzuen irabaziak handitzeko merkantzia pribatua bihurtu da", adierazi dute.
Diotenez, plataforma ez dago energia berriztagarrien aurka, eta deskarbonizazioa "ezinbestekotzat" jo dute. Baina, modu berean, "trantsizio energetikoa biztanleriaren beharrei erantzuteko antolatu" behar dela diote, eta "ez enpresa handien irabaziak handitzeko logika merkantilistaren arabera". Trantsizio energetiko "ordenatua" eta "benetan demokratikoa" galdegin dute.
Deitzaileek politikarien eta hedabideen jarrera kritikatu dute. Plataformako kideen arabera, enpresa energetikoen "mesede eta beharrei erantzuten dion klase politikoa" dago, "ezkerretik eskuinera". Hedabideei dagokienez, "ohartarazi" dute hedabideek duten "rolaz", plataformaren ahotsa "isilarazi" dutelakoan.