EAJ Guardiako alkatetzan mantentzeko azken udal hauteskundeetan emandako babesa kendu ahal diola ohartarazi dio EH Bilduk Raul Garcia Ezquerro alkate jeltzaleari.
Joan den ostiraleko osoko bilkuran azaleratu dira bi alderdien arteko tentsioak. Angel Coca EH Bilduko zinegotziak alkateari egotzi dio bere alderdiaren kontrako "akusazio faltsuak" zabaltzea.
"Alkateak jakin badaki bertan dagoela EH Bilduko bi zinegotziei esker, eta talde honetatik ez dugu onartuko salaketa faltsuak edo erdi-egiak egiten edo esaten dugunari buruz", ohartarazi du Cocak. "Ez dugu onartuko hiritarrei esatea herriaren kontra gaudela", aurreratu du.
"Honek horrela jarraituz gero, EH Bilduk konfiantza kenduko dio gobernu taldeari; horrek ekarri ahal dituen ondorioekin. Tartean, legegintzaldia ez bukatzeko aukera", esan dio.
Cocari erantzunez, Garcia Ezquerro alkateak esan dio "herriari egia esatea" dela bere betebeharra, eta hark ez duela "gezurrik" esaten. "Gogorra da batzuetan zenbait gauzaren kontra bozkatzea, alde bozkatu nahiko genukeenean, agian interesengatik edo dena delakoagatik", leporatu dio Cocari. "Baina hori da politikak daukana, eta hortik ez gara pasako", erantsi du. Konfiantzari dagokionez, alderdi abertzaleari leporatu dio "lehen egunetik" konfiantza kendu izana.
2023ko udal hauteskundeetan PP izan zen Guardian boto gehien jaso zituen alderdia, lau zinegotzirekin. Orduan, Garcia Ezquerrok —hiru zinegotzirekin— EH Bilduren bi zinegotziren aldeko botoak izan zituen alkatetza mantentzeko. Joan den abenduan ere aurtengo aurrekontuak aurrera atera zituen EAJk, EH Bilduren botoekin.
Azken hilabeteotan, bereziki garbigunerako kokapena izan da bi alderdien arteko eztabaida puntu handienetakoa. Apirilean bai EH Bilduk zein PPk garbigune berriaren proiektuaren kontra bozkatu zuten, eta, bideo batean, alkateak egotzi zien "Guardiaren kontra" batu izana.