Arabako Foru Aldundiak "iritziz aldatu" eta Guardian eraikitzekoa den garbigunea baskularen orubean eraiki nahi duela salatu du EH Bilduk. Alderdiak ohar batean zabaldutakoaren arabera, azpiegituraren kokapena "lehenbailehen ebazteko" ezohiko osoko bilkura eskatu du udalean.
Alderdiaren esanetan, EH Bilduk 2019an eskatu zuen herrian garbigunea eraikitzeko, eta diputazioak gasolindegitik gertu dagoen orube bat proposatu zuen horretarako. Orain, ordea, foru erakundeak udal baskularen orubean jarri nahi du azpiegitura. Kokapen berri horren kontra azaldu da alderdia, toki berriak "kostu handia ekarriko" lukeelako, eta Next Generation funtsetatik jasoko litzatekeen diru laguntza ez "litzatekeelako nahikoa" izango gastu hori ordaintzeko. Gaineratu dute inguruko lantegietarako sarbide berriak eraiki beharko liratekeela.
Garbigune hori "Arabako Errioxako Hondakinen Planaren helburuak betetzeko funtsezko azpiegitura" dela sinetsita dago Angel Coca EH Bilduren zinegotzia, eta, beraz, udalari zein aldundiari eskatu die "berehala has ditzatela horretarako behar diren administrazio prozesuak".