Iazko 377 milioien aldean, Aurten Arabako Errioxan 254 milioi litro ardo inguru ekoitziko direla aurreratu du Amaia Barredo Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak, atzo Moredan egindako Mahats Bilketaren jaian.
Sailburua mundu mailako zenbakiez baliatu da ekoizpenaren beherakadaren berri emateko. Hala, martxoko adierazleei erreparatuta, Barredok nabarmendu du munduan %5,4 jaitsi dela ardo ekoizpena, eta %6,4 balioan; sailburuaren irudikoz, mundu mailako testuingurua "konplikatua" da. Besteak beste, "inflazioak, tentsio politikoek, garraioaren eta horniduren krisiak eta bizitzaren garestitzeak" horren ardura dute, Jaurlaritzak zabaldutako prentsa ohar baten arabera.
Urte arteko tasan, Arabako Errioxako ardoaren salmentak %4,4 jaitsi dira aurtengo lehen bost hilabeteotan. "Egoera hori lehengoratuko duten eta beharrezko errentagarritasunak lortuko dituzten neurriak mantendu eta bultzatuko" dituztela esan du Barredok".
Kanpo merkatuei dagokienez, Erresuma batua da gehien hazi dena bolumenean —%18,3—, eta handiena da uneotan. AEBak dira bigarren merkatua. Halere, Erresuma Batuan saltzen den ardoa dezente merkeagoa da —4,36 euro, batez betean—, AEBetan saltzen dena baino —8,06 euro—. Hirugarren merkatua Suitza da, eta ondoren datoz Alemania, Kanada edo Japonia bezalako herrialdeak.
Barredorekin batera beste hainbat ordezkari instituzional egon dira, hala nola Ramiro Gonzalez diputatu nagusia, Txema Elbira kuadrillako presidentea, Javier Hurtado Turismo sailburua edota Irma Basterra Batzar Nagusietako presidentea. Ohi bezala, alderdi politikoetako ordezkariek ere parte hartu dute jaian, eta abaguneaz baliatu dira gaiaren bueltan bakoitzak duen ikuspuntua azaltzeko.
Jaiari berari dagokionez, ETS taldeko kideek eman dute aurtengo pregoia, eta, iragarrita ez baina iradokita zegoen bezala, bi kanta abestu dituzte, akustikoan. Ekitaldiaz baliatu dira ere Juantxu Martinezi omenaldia egiteko, hogei eta hamar urte inguruz kuadrillaren komunikazio ardura izan duen kazetariak aurten erretiroa hartu duelako.
Mara Gartzia Moredako alkateak ongi etorria eman die bertaratutako milaka bisitariei. Ondoren, herri bakoitzeko neska-mutil bikote batek herri bakoitzeko mahatsa bota dute ontzi komunean, eta, horien zapalketa egin ostean, urteko lehen muztia dastatu dute, egunean zehar luzatu den jaiari hasiera emanez.