Oinarrizko formatuari eutsita ere, igandean Moredan egingo duten Arabako Mahats Bilketaren Jaiaren aurtengo edizioak "nobedade ugari" izango dituela aurreratu dute antolatzaileek, atzo Gasteizen egindako aurkezpenean.
Ohi bezala, Arabako Errioxako herri guztietako ardoak dastatu ahal izango dira festan. Ohiko jarduerek lekua izango dute: pregoia, mahatsa zapaltzea, brindisa lehenengo muztioarekin eta hamasei erakusmahaiak dituen zirkuitua, udalerri bakoitzeko ardoak dastatu ahal izateko.
Jaia 10:30ean hasiko da, eskualdeko bi dantza talderen emanaldiarekin. Mara Gartzia herriko alkatearen ongietorriaren ondoren, ETSko kideek pregoia emango dute. Duela hainbat egun aurreratu zuten bezala, taldeak kontzertuen egutegia egokitu du igandeko hitzorduari huts ez egiteko. Hemeretzi haur bikotek herri bakoitzeko mahatsa ekarriko dute, kuadrillako hamabost udalerriak eta lau batzar administratiboak ordezkatuz. Ondoren, mahatsa zapaltzeari ekingo diote.
Aurkezpenean, Luis Lopez de Sosoagak ekitaldiaren omenez sortutako tarta aurkeztu dute: ardo gaztearekin eta oliba olioarekin egindakoa da. Eta igandean bertan Mikel Garaizabalek gidatutako ardo eta olio dastaketa komentatua egingo du, herriko produktuekin. Besteak beste, Ariadna taldeak kontzertua emango du, eta jaia arratsaldera arte luzatuko da. Bestetik, ardo lehiaketan 260 ardo marka lehiatuko dira aurtengoan.
Moredako zeharbideko ibilgailuen joan-etorria moztuta egongo da goiz osoan, eta bi aparkaleku handi egongo dira inguruetan. Dena dela, antolatzaileek gogora ekarri dute EAEko hiru hiriburuetatik autobusak antolatu direla, eta beste horrenbeste egin dute eskualde mailan ere.