Euskarak gela gaineztu dezan

Juanma Gallego 2024ko mai. 30a, 06:00

Idoia Pascual eta Unai Ruiz de Viñasprek ekainaren 1eko festan parte hartzera deitu dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Arabako Errioxako Eskola Publikoa Euskaraz lehen jaia egingo dute ekainaren 1ean Guardian. Euskararen alde eskualdean egiten den lanari beste ekarpen bat egin nahi diote eskola publikotik.

Ekainaren 1ean Guardian egingo duten Arabako Errioxako Eskola Publikoa Euskaraz jaiaren prestakizun lanetan buru-belarri ari dira Idoia Pascual Guardiako Victor Tapia ikastetxeko zuzendaria eta Unai Ruiz de Viñaspre irakaslea. Halakorik egingo duten lehen urtea izango da, baina, dena ondo bidean, urtean edo bi urtean behin festa hori antolatzeko asmoa dute, urte bakoitzean eskualdeko herri desberdin batean. Izan ere, eskola publikoa duten bost udalerri daude kuadrillan: Bastida, Eltziego, Lantziego, Oion eta Guardia. Azken honetan, ikastetxeaz gain, institutua ere badute, eta horregatik 5+1 izena ere eman diote ekimenari.

"Iaz Unai hasi zen hau guztia antolatzen, beste eskolako irakasleekin", azaldu du Pascualek. 2023an bertan jaia egiteko asmoarekin hasi ziren, baina, ondoren, pentsatu zuten komeni zela "gauzak polikiago prestatzea". Bada, aurten izango da estreinakoa. "Pentsatu dugu horrelako jai bat oso tresna erabilgarria izan daitekeela gure komunitatea aktibatzeko, eta, aldi berean, egun batez herria hartzeko", azaldu du Ruiz de Viñasprek. Modu horretan, "eskola publikoak dagokion pisua" har dezala nahi dute, publikotasuna euskararen aldeko aldarriarekin lerrokatuz.

EGUN BATEZ, ESKOLAN EUSKARAREN ALDE EGINDAKO LANA ERDIGUNEAN JARRI NAHI DUTE

"Pentsatu dugu horrelako jai bat oso tresna erabilgarria izan daitekeela gure komunitatea aktibatzeko, eta, aldi berean, egun batez herria hartzeko", azaldu du Ruiz de Viñasprek. Modu horretan, "eskola publikoak dagokion pisua" har dezala nahi dute, publikotasuna euskararen aldeko aldarriarekin lerrokatuz.

Fronte asko irekita

Euskal Herriko beste toki askotan bezala, eskualdean ere euskara ikasgeletatik ateratzeko beharrak eraman ditu hezkuntzaren alorreko eragileak jaia antolatzera. Ruiz de Viñaspreren esanetan, euskararen aldeko borroka "zaila da, gero eta fronte gehiago irekita daudelako, eta zentzu askotan oztopoak daudelako euskaraz bizi ahal izateko". Periferiaren gaineko topikoez harago, jaiaren antolatzaileek onartu dute eskualdean euskaraz bizitzeko dagoen eskaintza Gasteizen edo beste hainbat lekurekin alderatuz urriagoa dela, eta, horregatik, uste dute euskarazko ekimenak eskaini behar direla.

Egun batez, erdigunean

"Egiten genuen irakurketa izan zen hemengo ikasleek ez dituztela aukera asko euskaraz disfrutatzeko: pailazoak, puzgarriak, zinema...". Ekainaren 1eko festarekin, beraz, giro euskaldun hori hauspotzen lagundu nahi dute. "Finean, ikasturtean zehar lortzea hainbeste kostatzen zaigun lan hori urtean behin bederen herriaren erdigunean egotea", nabarmendu du Pascualek. Ruiz de Viñasprek gogora ekarri nahi izan du eskualdean beste hainbat eragilek egindako lana, hala nola Ttiki-ttaka elkarteak, ikastolek eta euskaltegiek egindakoa. "Eskerrak jendea egon den urte hauetan eskualdean euskara bultzatzen", nabarmendu du. "Hortaz, uste dugu norabide horretan ere guk ekarpena egin ahal dugula". Dioenez, eskola publikotik ahalegintzen ari dira gurasoak aktibatzen eta ikasleei tresnak ematen euskara erabiltzeko. Jaiaren antolaketarako orain arte izan duten kolaborazioa eskertu nahi izan dute. "Izugarrizko laguntza jaso dugu Guardiako Udalean. Alkatearen partetik denak izan dira erraztasunak. Eta beste udalek ere laguntza handia jarri dute, jaira joan eta bueltatzeko autobusak jarriz. Guraso elkartearen eta ikasleen inplikazioa ere nabarmentzekoa izan da".

Jaiarekin kolaboratzen ari dira ere herriko ostatu eta tabernak, Ruiz de Viñasprek erantsi duenez. "Horrelako jaietan errazena da herri bazkari bat antolatzea, baina guk bertoko komertzioekin kontaktatu nahi izan dugu, ea bakoitzak zertan lagundu ahal duen. Hala, batzuek eguneko menuak eskainiko dituzte, anoak, ogitartekoak...".

Egitarauari dagokionez, publiko guztientzako aukera osatzen ahalegindu dira. Aurpegi margoketa, puzgarriak, Ane Gebararen ipuin kontaketa, herri kirolak, zirkua... eguna bukatzeko, Kunfusion, Zankarron Blues eta Bulego taldeak izango dituzte, bai eta DJ Malandro ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago