Kuadrillako eskola publikoek ekainaren batean egingo duten AEEPE Arabako Errioxako Eskola Publikoa Euskaraz Jaia aurkeztu dute gaur, Guardian.
Aurten aurrenekoz egingo den ospakizuna Guardian bertan egingo duten arren, antolatzaileek aurreratu dute datozen urteetan kokapena herri batetik bestera mugituko dutela. Izan ere, Guardiako Samaniego ikastetxearekin eta Victor Tapia eskolarekin batera, ospakizunaren parte izango dira ere Bastidako eta Eltziegoko eskolak, Lantziego ikastola eta Oiongo Ramiro de Maeztu eskola.
Besteak beste, pregoiaz gain, ekainaren 1ean haurrentzako ekimenak —aurpegi margoketa, ipuin kontalariak, muralak, puzgarriak, pailazoak—, herri kirolak, trikitilariak eta bestelako kontzertuak izango dira egunean zehar. Boleten salmenta bat abiatu dute ere, antolaketari lotutako gastuei aurre egiteko.