Latsarria bilgune bihurtu dute

Juanma Gallego 2024ko mai. 25a, 08:00

Latsarritik pasa ostean, Fraidearen Ortuan eskegi dute arropa, eta gero poesia errezitaldia egin dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Poetak Maiatzean ekimenera batuz, Arabako Errioxako Irakurketa Klub Feministako kideek duela hamarkada asko emakumeek herriko latsarrian arropa nola garbitzen zuten irudikatu dute Lantziegon.

Poetak Maiatzean jaialdian izaten diren ekimenen artean denetarikoak ikusi dira Araba osoan zehar, baina, horien artean, inork ez luke irudikatuko garai zaharretan bezala jantzitako emakume talde bat latsarri baten bueltan. Baina hala egin dute Lantziegon. Goizean, kristalezko orriak margotu dituzte herrian, udalaren, Bitartean Jolasean elkartearen eta herriko kultur eragileen eskutik

Arratsaldeko hitzordura, ordea, Arabako Errioxako Irakurketa Klub Feministako emakumeak batu dira, eta zinez bazterrak nahasi dituzte herrian. Kale estuetan zehar ibili ondoren, herrian duten latsarri bikainaren agertokiaz baliatu dira garai batean emakumeen ohiko elkargune zuten lantokiaren giroa nolakoa izan ahal zen irudikatzeko. Modu horretan, amek eta amamek egindako lan eskerga oroitu eta omendu nahi izan dute. Arropa eskegi ostean, poesia errezitaldia egin dute Fraidearen Ortuan.

Aurrenekoz, publikoki

Lehen aldia da latsarriaren bueltan ibili direna, baina aurreko urteetan horrelako hitzorduak antolatu dituzte, Irakurketa Klub Feministako kide Nerea Samaniegok azaldu duenez. "Poetak Maiatzean- erako bideo bat grabatu ohi dugu urtero. 2020an nork bere etxetik grabatu zituen poesiak. 2021ean, berriz, Eskuernagako [Villabuena] Ibaola Harrietako hilerri ateoan elkartu eta bertan grabaketa egin genuen". Ondorengo urteetan Guardian eta Elvillarren elkartu ziren.

Lantziegoren kasuan, hitzordu berezia izan da, lehenengo aldia izan delako publiko aurrean iragarri eta grabatzen dutena. Bideoa Poetak Maiatzean ekimenera bidaliko dute, eta Youtuben jartzeko ere asmoa dute. Zalantzarik ez dago dena ondo jasota geratuko dela, horrez gain ALEAk eta arabarerrioxa.eu blogak ere bideoan hartu dutelako. Azkenik, afari batekin eman diote amaiera egunari.

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Arabako Errioxaren kasuan, Irakurketa Klub Feministaren abentura hau guztia 2017an hasi zen, eskualdera Begoña Etayo bertaratu zenean. "Beste klub asko bezala, Begoñak gurean ere sei urte eman ditu taldea koordinatzen". Samaniegok gogora ekarri du dena oso azkar joan zela. Hasierako bileran hiru lagun baino ez baziren, hurrengo hitzordura zortzi lagun batuta zeuden jadanik. "Lantziegon hamabost emakume egon ginen, baina irakurketa klub feministan 24 izatera iritsi gara", azaldu du Samaniegok.

Feministen harrobi

Oro har, hilean behin biltzen dira. "Liburu bat irakurri ondoren, bakoitzak komentatzen du liburua zer iruditu zaion, nola emozionatu den, zer ikasi duen... Baina, horrez gain, badago, nolabait esateko, teoria feministari eskainitako beste zati bat. Eztabaida oso interesgarriak sortu izan dira. Ondoren, askaria hartzen dugu, noski!". Samaniego sinetsita dago taldeak emaitza oparoak eman dituela. "Feministen benetako harrobia bihurtu da irakurketa kluba. Kontzientzia hartzea izan dugu, baina, ahalduntzeaz gain, feminismoaren eta emakumeen inguruko bestelako ekimen asko sortu dira taldearen bueltan".

Gauzak hala izanik, gabezia garrantzitsu bat azpimarratu nahi izan du Samaniegok. "2023ko urtarriletik Berdintasun teknikaririk gabe gaude Arabako Errioxan". Dioenez, "ahalegin handi baten ondoren sare oso zabala lortu" zuten, baina teknikaririk gabe ez egoteagatik "lan hori deuseztatzen" ari da. "Honekin, adarra jotzen ari digute", kexu da Samaniego. "Figura hau ezinbestekoa da jardueren agenda feminista bat lantzeko, bai eta udalei eta kuadrillako beste alorrei behar bezalako aholkularitza emateko ere".

 
 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago