Nekazari baten adierazpen artistiko xumea. Horrela definitzen du Joseba Ibañez Olallak Ibaola Harriak espazioa. 2012an hasi zen Villabuenako mahastizaina hektarea bateko lursailean harri handiak kokatzen eta lehen monumentu megalitikoak eraikitzen, "entretenitzeko". Beranduago sortu zuen hilerri ateoa, lagunek eta senitartekoek bultzatuta. "Hemen estetika megalitikoa birsortzen saiatzen naiz, eta, kasu honetan, hil den jendea omentzeko ere balio du; egia da hilerriaren definizioa beste guztia xurgatzen ari dela, baina maila batean bermatu egiten du espazio honen bizirautea; bestela, espazio estetiko soil bezala, ez du ibilbide handirik. Erabilgarritasunak biziraupena bermatzen du, bestela kontenplazio hutsa da, eta kasu honetan espazioak lotura emozionala du, paper espezifikoa hartu du".
"Txikitatik asmoa nuen trikuharri bat egiteko, hiltzen nintzenean errautsak bertan lurperatzeko"
Villabuenatik gertu, Montecillo trikuharrira doan bidean dago Ibaola Harriak, lehen mahastiak zeuden lursail batean. "Saiatu nintzen lurra berregituratzen mahastia berreskuratzeko, baina oso lur geruza fina dago, eta ezinezkoa da", aipatu du Ibañezek. Hartara, lehengo mahastien ale batzuk bakarrik ikus daitezke orain, monumentu megalitikoen eta zizelkatutako harri handien artean. "Beti gustatu izan zait arkeologia, monumentu megalitikoak eta estetika hori. Txikitatik asmoa nuen trikuharri bat egiteko, hiltzen nintzenean errautsak bertan lurperatzeko; eta pentsatu nuen, tira, hasiko naiz trikuharria egiten eta ikusiko dut gero zer beste gauzatan entretenitzen naizen". Inguruan harri batzuk aukeratu zituen, hondeamakina hartu zuen... "Eta desastrea izan zen, lurrean apenas dagoelako sakontasunik harriak eusteko, harri polit batzuk ere apurtu zitzaizkidan, eta lana uztekotan egon nintzen, baina azkenean tematu nintzen, harri handiago batzuk bilatu nituen eta garabi-kamioi batekin ekarri nituen. Erraza zirudien, harri batzuk jarri, harrizko txapela gainean… Tira".
Lehendabiziko trikuharriaren ondoren, soberan geratu ziren harriekin, cromlech bat eraiki zuen mahastizainak: "Erdiko harria ardatz hartuta, hamabi espaziotan banatu behar nituen harriak, baina ezinezkoa gertatu zen lurrak ez duelako sakontasunik; beraz, rotaflexarekin harrizko lurzorua moztu behar izan nuen".
Bi dolare, aurrez aurre
Labar-dolare baten kopia bat ere landu zuen, eta orain dela hiru bat urte, kasualitatez, partzelaren beste aldean sastrakak garbitzen ari zela antzinako benetako labar-dolare bat aurkitu zuen. "Dolarea bera deskubritu gabe dago, Arkeologiara deitu nuen eta oraindik zain nago ea noiz etortzen diren". Muztioaren ontzia ikus daiteke, baina goiko aldea ukitu gabe dago: "Arkeologiatik esan zuten haiek induskatu nahi zutela, bertan egon daitezkeen haziak eta bestelako elementuak dolarearen data jakiteko balio dezaketelako". Ibañezek azpimarratu duen bezala, labar-dolareak erreferentzia etnografiko inportanteak dira mahastizaintza eta ardogintzaren eskualde horretan, "iraganeko aztarna horiek guztiak desagertzen ari direlako".
Monumentu megalitikoekin batera, beste motatako lanak ere egin ditu Ibañezek hamar urteotan, harri gehiago paratzen joan den bitartean: Egiptoko Horusen begia landu du harri garai batean, leihoak eta zuloak zabaldu ditu harrietan, penduluak zintzilikatu ditu han eta hemen… Lanerako erabiltzen dituen harriak, nekazariek lursailak prestatzen dituztenean botatzen dituztenak dira. "Gustatzen zaizkidanak hartzen ditut; askoz jota urtean bitan ekartzen ditut harriak", azaldu du.
"Familia gogoratzeko inguru zabalagoa da hau, atseginagoa, espazio bizia da"
Zaletasuna baino gehiago da egun Ibaola Harriak. "Batzuetan, hobbya baino, zama bilakatzen da; ingurua zaindu behar dut, zuhaitzak ureztatu, zelaia garbitu eta sastrakak moztu. Mahasti batek baino lan gehiago ematen du, eta errentagarritasuna zero patatero da", esan du irri eginez. Halere, mahasti gutxi ditu orain Ibañezek, eta lehen baino erritmo lasaiagoan ibiltzen da. Upategi batean lan egiten zuen, baina utzi egin zuen. "Bizitza xurgatzen dizun panteoi horretatik atera nintzen; ekonomia, osasuna eta pazientzia kentzen dizun zulo beltza da upategia; gero eta lan gehiago egiten duzun heinean, gero eta inbertitzeko behar handiagoa duzu, eta horrek eramaten zaitu ardura gehiago eta lan gehiago egitera, eta dinamika batean sartzen zara non bakarrik hiltzen zarenean atseden hartzen duzun; edo bestela, eseri eta dinamika hilgarri hori aldatzea erabakitzen duzu".
Hilerri ateoa, beranduago
Ibaola Harriak ez da hasieratik hilerri ateoa. Ibañezek aitortu duenez, upategiaren monotoniatik ateratzeko erabiltzen zuen espazioa lagunek eta senitartekoek bultzatuta bilakatu da hilerri. "Esaten zidaten hiltzen zirenean haiek ere errautsak trikuharrian bota nahi zituztela, eta pentsatu nuen modu ordenatu batean egitea, trikuharria ez zedin bihurtu errautsen zabortegi bat". Hartara, harri erabilgarriagoak kokatu ditu lursailean eta horien azpian errautsak lurperatu ditzakete senideek, eta plaka bat jarri.
Gaur, hamar bat lagunen oroitarriak daude Arabako hilerri ateoan, tartean Ibañezen gurasoena eta amonarena. "Amonari omenaldia egin nahi izan nion; nik ez nuen ezagutu, paseillo-a egin zioten, ilea moztu, errizino-olioa bota, bederatzi hilabetez eduki zuten espetxean eta atera zutenean oso gaizki atera zen eta hil egin zen".
Ibañezek azaldu duenez, denetariko jendea hurbildu zaio hilerrian tokia eskatzeko, lagunen gurasoak, ezezagunak... "Harria nik lantzen dut, ez naiz oso trebea, gauza xumeak egiten ditut, autodidakta naiz, eta denborarekin harriarekin jolasten eta esperimentatzen joan naiz". Orain arte, tantaka joan da jendea, baina aurrerantzean nola joango den ez dakienez, harria lantzeagatik kobratzen hasi da, "gutxienez harria ekartzeko eta makineria erabiltzen gastatzen dudana estaltzeko".
Ibañezek esan duenez, errautsak haizatzearen alternatiba da Villabuenako espazioa: "Jendeari gustatzen zaio erreferentzia bat izatea, toki bat, eta erlijioaren eszenifikazio ilun horretatik ateratzeko ere balio du. Hau familia gogoratzeko inguru zabalagoa da, atseginagoa. Lursaila zabalik dago, gainera, bisitagarria da, eta jarduerak ere egin izan dira bertan, espazio bizia da".