Abenduaren 15ean Bazterra Aretoan egindako batzar ireki batean, Oiongo Udalak 2024rako aurrekontuak aurkeztu zituen. Jose Manuel Villanueva (EH Bildu) alkate berriaren lehenengo legegintzaldiko lehen aurrekontuak izango dira hauek, eta, azpimarratu duenez, helburua "ekarpen guztiak biltzea eta, ahal dugun neurrian, guztion beharrei erantzutea" izan da.
Hortaz, oposizioko taldeetako eta herritarren proposamenak jaso ditu udal gobernuak iaz baino %10 handiagoa izango den 4.337.857 euroko aurrekontu proiektuan. Izan ere, aurrekontu parte-hartzaileak egiteko apustua izan da alkate berriarena, eta, ekainean makila eskuratu ostean, joan den azaroan ekin zion herritarren proposamenak jasotzeko prozesuari.
Lan horren ondorioz, herritarrek egindako proposamen guztiak sartuko dituzte 2024rako aurrekontuetan. Guztira, zazpi dira bizilagunek planteatutako proiektuak, besteak beste:
- Foru kaleko haurrentzako gunea estaltzea
- Rio Grande parkean parke osasungarri bat jartzea
- Giralda Dorrean bankuak berritzea
- Hilerri zaharreko plazan jarlekuak handitzea
- Udal igerilekuetako zabuak estaltzea
- Sukaldaritza eskolak ematea
Horrez gain, udal gobernua oposizioko taldeek egindako proposamenak jasotzeko "ahalegina" azpimarratu du:
- PSE: hilerri zaharreko parkean itzal gehiago sortzea, etorkizunean parkea udalerriko "beroaren aurkako benetako babeslekua" izan dadin.
- PP: Mahastietako Ama Birjinaren baselizaren ingurua txukuntzea, bankuak jarriz eta ingurua egokituz.
- EAJ: Santa Luzia kalearen eskuinaldeko espaloia egokitzea. Lan horiei ekiteko ezkerraldea egokitu arte itxaron beharko da.
Bestalde, Villanuevak ziurtatu du aurrekontuan jasotako eta aurreko ekitalditik gauzatu gabeko "gai guztiak" gauzatu nahi dituztela. "Esperientzia berria izango da guztiontzat, bai herritarrentzat, bai korporazioarentzat, aurrekontuak ez direlako inoiz horrela egin", aldarrikatu du.