Alkatetzan igaro dituen lehen orduak ziztu bizian pasatu zaizkio Jose Manuel Villanuevari (Cadiz, 1966), Oiongo alkate berriari. EH Bilduko alkateak uste du aurreikusteko modukoa zela EAJk alkatetza lortzeko hautagairik ez aurkeztea, eta ez du sorpresarik hartu: "Alkatetza kentzea erraza da, baina gero gobernatu behar da", esan du Villanuevak.
Inoizko emaitzarik onenak lortu ditu EH Bilduk Oionen. Denbora izan duzue balorazioa egiteko?
Uste dugu abstenitu ziren herritarren artean asko eta asko EAJko boto-emaileak zirela; eta, aldiz, gure oinarri soziala asko handitu da. Udalerako ez ezik, Batzar Nagusietarako emaitzetan ere ikusi dugu lehen indarra izan garela, eta hor ikusten da emaitzak izugarriak izan direla.
Belaunaldi berrien bultzada izan duzue?
Nabaritzen ari da gure oinarri soziala jende gaztearekin zabaltzen ari dela, jende zaharra erakartzea askoz zailagoa da guretzat. Bestalde, nigatik ere botoa eman dute batzuek; gure ohiko oinarri sozialari ehun boto gehiago batu zaizkio, eta boto horiek PPtik eta PSE-EEtik etorri dira. Nahiz eta Arabako herri handienetako bat izan, Oionen, herri txiki guztietan bezala, pertsonak pisu handia du.
"Obrak beti dira beharrezkoak, baina Oionen, zerbitzuen falta dugu, hori da lehentasuna"
Amets bat bete omen duzu.
Bai. Oiongo lehen alkate euskalduna naiz, euskalduna eta andaluziarra gainera, Cadizen jaio nintzen eta. Alkatetza hartu ondorengo aurkezpenean, hori aipatu nahi nuen, baina oso urduri nengoen, eta azkenean ahaztu egin zitzaidan.
Babes asko galdu ditu EAJk. Zergatik izan dela uste duzu?
Haiek esan beharko dute. Guk herriak esaten duena egiten dugu; eta EAJk alderantziz egiten du: herriak egin behar du alderdiak esaten duena… eta horrela gaizki gabiltza. Nire ustez, hor egon da gakoa.
Sorpresa izan da EAJk bere burua alkatetzarako ez aurkeztea?
Ez. Herriak argi eta garbi hitz egin du, 504 boto eman zizkiguten guri, eta haiei 378. Badakigu PSE-EErekin "akordio-aterkia" zutela, baina PPren botoak behar zituzten, eta ezinezkoa zen EAJk, PSE-EEk eta PPk akordioa egitea. Horregatik, nik itxaropena nuen, uste nuen saiatuko zirela, eta normala da hori, nik gauza bera egingo nuke, baina azkenean ohartu dira ezinezkoa zutela. Alkatetza kentzea erraza da, elkartu eta listo, baina gero gobernatu behar duzu, lau urtez. Ez da erraza.
Lantaldearen balioa azpimarratu duzu.
Beti esango dut nirekin doan taldea izugarria dela. Batzuek harrotasunez esaten dute gazteak eramaten dituztela zerrendetan, hogei urteko pertsona bat eramaten dutelako, baina hori ez da gaztea izatea, politikan aritzeko umea izatea da. Guk, aldiz, denok 35 eta 40 urte arteko pertsonak gara, politikan aritzeko gazteak, eta gainera eskarmentu handia dugu sektore desberdinetan. Alkateordea izango den lankidea, adibidez, ostalaria da, eta oso harreman ona du Oiongo jende gaztearekin; beste batek zaharren egoitza batean egiten du lan; beste batek eskolan lan egiten du; eta euskaldun zahar bat ere badugu taldean, bertsolaria, eta euskara eta kultura munduan konpromiso handikoa. Talde polita da, lan egiteko gogo handia dugu.
"Nirekin doan taldea izugarria da, eskarmentu handia dute sektore desberdinetan"
Zer behar dute oiondarrek? Zeintzuk dira udal gobernuaren lehentasunak?
Momentu honetan, herriko kaleen eta parkeen garbiketa da gure lehentasuna, herria ez dago egon behar den bezala, eta txukundu behar da. Gure programan, kale garbiketako zerbitzua udalak udalekotzeko proposamena egin genuen, berriro udalaren esku jartzea zerbitzu hori. Parkeak eta lorategiak mantentzeko zerbitzua ere pribatizatua dago, liburutegia ere pribatizatu zuten, eta hori guztia udalekotu nahi dugu. Saiatuko gara enpresa pribatu batek baino hobeto egiten, eta merkeago. Nik uste dut lortu daitekeela.
Obra berriak ere aurreikusten dituzue herrian?
Gure programan oso obra gutxi aurkeztu genituen; obrak beti dira beharrezkoak, baina Oionen, gaur egun, lehentasunak beste batzuk dira; batez ere zerbitzuen falta dugu, ez dugu Gizarte Segurantzaren bulegorik, adibidez; beraz, lehendabizi zerbitzuak berreskuratu behar ditugu.
Lezako ospitalea eskualde mailakoa izatea proposatu du EH Bilduk.
Bai. Gero eta jende gehiago gara, 3.500 biztanle baino gehiago gara Oionen, eta orain osasun zentro berria handitu eta berrituko da, eta agian, mediku bat gehiago beharko genuke dagoen populazioa artatzeko. Bestalde, espezialistara joateko, Logroñora [Errioxa, Espainia] joan behar gara, eta Logroñon beste zerrenda batean sartzen gara, jada ez da Osakidetzaren zerrenda. Ulertzen dut jende zaharrarentzat nekeza eta zaila dela Gasteiza joatea, baina guk Osakidetzaren zerbitzua behar dugu. Horregatik ere Lezako ospitalea indartu behar dugu; kontziente gara oso herri txikiak garela eta populazio txikia dugula zentro integral bat izateko, baina eskualde mailako ospitale anbulatorioa egin daiteke.
Udala gobernatzeko eredu irekia izango duzula esan duzu kanpainan. Zer esan nahi du horrek?
Beitu, ni oposizioan ibili naiz hamabi urtez, eta gobernatzen zuen blokearen aurka jo behar izan dut beti, eta ez dut haiek egin duten politika egin nahi. Herrirako onak diren proposamenak onartzearen aldekoa naiz, eta berdin zait nondik etortzen diren, EAJtik, PSE-EEtik edo PPtik. Ona baldin bada herritarrentzat, ni izango naiz lehena proposamen hori defendatzen. Kontuan hartu nahi dugu talde politiko guztiek esaten dutena eta egiten dituzten proposamen guztiak.
Labrazako eta Gorrebustoko batzar administratiboekin zer harremana izango du aurrerantzean udalak?
Guk beti izan dugu oso harreman ona batzar administratiboekin, eta horrela izaten jarraituko du. Bilera asko egin ditugu Oiongo batzar administratiboekin, haien arazoen eta ekarpenen berri izateko, eta lehenbizikoz udal honetan, batzar administratiboen zinegotzigoa sortu nahi dugu, komunikazio arinagoa izateko.