Labraza zentral eolikoaren kontra: "Euskadiren ipurdia gara"

Erredakzioa 2023ko ots. 27a, 19:30

Labrazako zentral eolikoaren aurkako protesta, Batzar Nagusietan. / Argazkia: MENDIAK ASKE

Oiongo Labraza kontzejuan eraikitzekoa den zentral eolikoari uko egin diote administrazio batzarreko ordezkariek Batzar Nagusietan. Bitartean, kanpoaldean, protesta egin du Arabako Mendiak Aske plataformak.

"Euskadi, Araba eta Arabako Errioxaren ipurdia gara. Hori da zonaldeko sentimendu orokorra", adierazi dute Labraza kontzejuko administrazio batzarreko ordezkariek gaur, Arabako Batzar Nagusietako Ingurumen eta Hirigintza Batzordean, EH Bilduk eta Elkarrekin Araba taldeek eskatuta. Kontzejuaren ordezkariak Arabako Mendiak Aske plataformaren babesa izan dute, atarian elkarretaratzea egin baitute.

Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietateak 200 metroko zortzi aerosorgailuko zentral eoliko bat (40 megawatt energia ekoizteko gaitasunarekin) eraikiko du Oiongo Erdi Aroko hiribildu horretatik kilometro batera, hainbat sari jaso dituen harresi famatutik oso gertu.

Tokiko erakundea "industria eolikoaren aurka argi eta garbi" agertu den arren, proiektua aurrera doa, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin. "Ez ditu errespetatzen ingurumena babesteko legeak, ez lurralde antolamendua, inpaktu larria eragingo lukeelako; ezta bizilagunen borondatea ere, % 85ek proiektuaren aurka bozkatu baitute", salatu dute Maria Begoña Martinez de Olcoz eta Juan Miguel Martinezek.

Babes maila handia dela eta, muga urbanistikoak, energetikoak eta sozioekonomikoak ditu Labrazak: "Teilatuetan autokontsumorako plaka fotovoltaikoak instalatzea debekatuta dagoen bitartean, gauetik goizera parke eoliko bat eraikitzea inposatuko dute, Lurralde Plan Sektorial bat izan gabe", kritikatu dute. Azkenik, eremu natural hori babestea eta lurraldea antolatzeko legeria "errespetatzea eta defendatzea" eskatu diote Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari.

Labrazako administrazio batzarreko ordezkariak, Batzar Nagusietan. / Argazkia: @JJGGalava

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago