Esferica jaialdiak musika eta gastronomiaz bustiko du Arabako Errioxa

Erredakzioa 2022ko uzt. 4a, 12:00
Kontzertu bat Lapuebla de Labarcako Poveda naturgunean. / Argazkia: ESFERICA

Abuztuaren 18tik 21era, Mon Laferte, Ivan Ferreiro, Kruder & Dorfmeister, Tanxugueiras, Glassio, The Excitements, JP Bimeni & The Black Belts, Ele, Dani, Los Mejillones Tigre, Elena Setien, Omago, German Salto, Mute All DJ eta Angel Carmona arituko dira Esferica jaialdian.

Hilabete pasatxo baino ez da falta Arabako Errioxako Esferica jaialdiaren bigarren ediziorako. Otsailean Tanxugueiras, Ivan Ferreiro eta The Excitements taldeen presentzia iragarri ostean, eta martxoan Mon Laferte eta Kruder & Dorfmeisterrekin kartela itxi ondoren, joan den ostiralean aurtengo jaialdiaren aurkezpen ofiziala egin zuten, Artium Museoko ekitaldi aretoan.

Abuztuaren 18tik 21era bitartean ospatuko da aurtengo edizioa, eta hamabost kontzertu eskainiko ditu Arabako Errioxako natura eta ondare-gunerik ikusgarrienetako batzuetan, musika, artea eta enogastronomia batuko dituen programa erakargarri baten barruan: Mon Laferte, Ivan Ferreiro, Kruder & Dorfmeister, Tanxugueiras, Glassio, The Excitements, JP Bimeni & The Black Belts, Ele, Dani, Los Mejillones Tigre, Elena Setien, Omago, German Salto, Mute All DJ eta Angel Carmona.

Aurtengo nobedadeen artean, eskaintza musikala osatzeko, esku hartze artistikoak egingo dira eskualdeko zenbait txokotan, Artium Museoaren eskutik eta Performa Kooperatibaren komisariotzarekin. Gainera, oraingo honetan hiru Michelin izar dituen Francis Paniego Marques de Riscaleko sukaldaria batuko zaio tokiko gastronomia eta zero kilometroko produktuak protagonista izango dituen proposamen enogastronomikoari.

Cristina Gonzalez foru diputatuak, Javier Hurtado sailburuak eta Carlos Montilla Esferica jaialdiaren zuzendariak nabarmendu dute Arabako Errioxako turismoaren sektorean eta oro har Araban duen eragin positiboa, eskualderako "lehen mailako sustapen elementu" gisa: 2021eko edizioak 1.300 parte hartzaile bildu zituen, gehienak Arabatik kanpokoak, eta eragin ekonomikoa 250.000 euro ingurukoa izan zen; aurtengo ediziorako, berriz, zifra horiek 3.000 parte hartzaileraino eta 350.000 euroraino iristea aurreikusi dute.

 

Lau eguneko egitaraua

2021eko lehen edizioaren arrakastaren ostean, jaialdiaren programa lau egunera zabalduko da aurten, abuztuaren 18tik 21era. Nazioarte mailako kontzertuen agertokiak Guardia, Bastida, Lapuebla de Labarca eta, aurten lehen aldiz, Eltziego izango dira:

  • Abuztuak 18, osteguna: Elena Setien, Eltziegoko San Andres elizan; eta Ele, Eltziegoko Marques de Riscal upategian.
  • Abuztuak 19, ostirala: Ivan Ferreiro, Tanxugueiras eta Glassio, Guardiako Ysios upategian; eta The Excitements eta Mute All Guardiako Villa-Lucian.
  • Abuztuak 20, larunbata: Mon Laferte, Kruder & Dorfmeister, Glassio eta Omago, Guardiako Eskoletako Patioan; Los Mejillones Tigre eta Angel Carmona, Guardiako Ysios upategian; eta German Salto, Lapuebla de Labarcako Poveda naturgunean.

Sarrerak eta abonamenduak

Askotariko eskaintza dago sarrera zein abonamenduei dagokienez. Webgune ofizialean (www.esfericariojaalavesa.com), 79 eurotan salgai dagoen abonamendu orokorraz gain, eguneko sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko: ostegunekoa, 22 eurotan; ostiralekoa, 33 eurotan; eta larunbatekoa, 36 eurotan.

Horrez gain, jasangarritasunaren aldeko apustu gisa, jaialdiaren espazio batetik bestera mugitzeko autobusetarako abonamendua ere jarri dute salgai, 18 eurotan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide