Tanxugueiras, Ivan Ferreiro eta The Excitements izango dira Esferica jaialdian

Erredakzioa 2022ko ots. 18a, 10:54
Galiziako Tanxugeiras taldea izango da Esferican. @TANXUGEIRAS

Jaialdiaren bigarren edizioa abuztuaren 18tik 21era bitartean egingo da, Arabako Errioxako zenbait txokotan. Abonamenduak salgai jarri dituzte jada.

"Esperientzia paregabea da Arabako bihotzean lurralde magiko bat gozatzeko. Musika, lurra, artea eta gastronomia uztartzen ditugu, eta gure zentzumenak aktibatzen ditugu Arabako Errioxako Kuadrillako gune paregabeak zeharkatzen ditugun bitartean". Hala diote Esferica jaialdiaren bigarren edizioaren antolatzaileek. Dagoeneko iragarri dituzte taula gainean izango diren lehenengo artistak eta abonamenduak ere salgai jarri dituzte webgunean.

Ivan Ferreiro indie abeslaria, hamahiru urtez Los Piratas taldeko abeslari, konpositore eta liderra izan zena izango da Arabako Errioxan. Halaber, Eurovision jaialdiaren bueltan ospe handia hartu duen Tanxugeiras talde galiziarra ere izango da Esferican. Hirukoteak Galiziako pandeireteiren ondarea jaso du, Galiziako musika tradizionala bizirik mantentzearen alde lan egin duten emakumeena, eta soinu modernoekin uztartu ditu. Galiziarrekin jarraituz, Los Mejillones Tigre taldea ere izango da mahastien artean, eta Kataluniatik The Excitements rythm’n’blues eta soul musika egiten duten taldea gonbidatu dute. Halaber, Glassio Sam R. irlandar abeslari, konpositore eta ekoizlearen indie dance eta dream pop-aren erdibideko proiektua aurkeztuko da; eta Aitziber Omagogeaskoak, Iñigo Larrazabalek eta Oier Aldekoak osatzen duten Omago talde bizkaitarrak bere azken lana plazaratuko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide