Mendixka baten gainean dago Navaridas, inguruko beste herri asko bezala. Bertan aspalditik izan dira upeltegiak, baina horien azpian dagoen lurra ez omen da egokiena egitura horiek mantentzeko. Funtsean, eta pixkanaka bada ere, herriaren goiko aldea bertan behera erortzen ari da.
Arazoari aurre egiteko zenbait lan egin dituzte aurreko urteetan. 2012tik 2016ra 370.000 euro inguru gastatu ditu Udalak. Bigarren aldiz ekingo diote bertan lanak egiteari, eta horretarako, 400.000 euro inguruko aurrekontua izango du Navaridasko Udalak, Arabako Diputazioaren laguntzaz.
Arazoaren muina Altxor kalearen inguruan dago, Upeltegien Auzoan, hain zuzen. Lurra eta ura dira arazoaren iturria. "Horrelakoa da geologia", nabarmendu du Miguel Angel Fernandez herriko alkateak. "Euri asko egiten duenean, lur azpian pilatzen da. 4-9 metro arteko sakontasunean biltzen da, baina, batzuetan, 14 metrora ere ailegatzen da".
Alkateak azaldu duenez, arazoa da ur horiek filtrazioak eragiten dituela, eta bertan eraikita dauden upeltegi txikiak mugiarazten dituela.
Erabilerarik gabe
Afera, ordea, ez da oraingoa. Izan ere, muturreko fenomenorik ez bada, lurra astiro-astiro aldatzen da, eta eskala geologikoan izaten diren aldaketa gehienek milioika urte behar dituzte garatzeko.
Gizakiak lurraldea erabiltzeko moduak, aldiz, maiz aldatzen dira, eta azken hamarkadetan aldaketa sozial sakonak izan dira eskualdeko ekonomian eta herritarren ohituretan. Aldaketa horien ezusteko emaitzak dira, hain zuzen, orain azaleratu direnak.
"Orain upeltegi horiek utzita daude, baina aspaldian asko erabiltzen zituzten Navaridasko herritarrek. Upeltegietan ardoa egiten zuten, noski; baina, horrez gain, jendea elkartzen zen eta askariak egiten ziren. Funtsean, bizitza sozial asko egiten zen bertan". Hain gune erabiliak izanda, erortzeak edo bestelako arazoak izaten zirenean, egin beharreko konponketak egiten ziren, eta horrek ahalbidetu du, lur zailean egonda ere, upeltegi horiek onik mantendu izana.
Fernandezek azaldu duenez, bertan ardoa egiten zenean ere egoera arinagoa zen. Irakitean, ardoak ingurua lehortzen zuelako. "Orain, ordea, kanpoko upeltegietan egiten da ardoa edo, bestela, zuzenean mahatsa kanpoan saltzen da".
Ura, arazorik handiena
Bestalde, alkateak esan duenez, upeltegi horietako asko hainbaten arteko jabetza dira. "Askotan bospasei lagunen artean erabiltzen zuten upeltegia, baina orain gehienak utzita daude eta inork ez du bertan dirua sartu nahi".
Batez ere euri asko egin duen urteetan zaildu da egoera. 1993an hasi ziren zuloak eta erortzeak agertzen, baina egoera bereziki zaila da 2012tik, Fernandezen arabera. Eguraldiak zeresan handia izan du arazoan, urte euritsuetan ur metaketa bereziki kezkagarria izan baita. Batez ere, 2013. urtea zaila izan zen, orduan euri asko egin zuelako.
2015ean txosten geologiko bat eskatu zuten, eta hor agertu ziren arazoari aurre egiteko gakorik nagusienak.
Adituek bertan zehazten dutenez, bi dira erortzeen arrazoi nagusiak. Batetik, aipatutako euri urak, lurrazpiko 4-9 metrora biltzen direnak. Sakontasun horretan daude, hain zuzen, upeltegi gehienak. Bestetik, inguruetan ur iturri naturalak daudela zehazten da txostenean, erortzeak izan diren lekutik 100 bat metrora. Horrek egoera okertu du.
"Konponketa txikiak egin dira azken urteotan, baina, ezer egin ezean, mendixka bertan behera erortzeko arriskua dago orain", esan du Fernandezek.
Elizaren inguruan dauden espazioetan erraz igartzen dira orain arte egindako lan horiek. Espazio tarte zabalak agerian geratu dira, baina momentuz porlanezko zorua baino ez dago bertan. Lanen bigarren fasearen barruan aurreikusten da ere espazio horiek berreskuratzea, herritarrek berriro erabili ahal ditzaten. Diputaziotik dirua lortzea "asko" kostatu zaiola dio alkateak.
Bestetik, segurtasuna bermatu aldera, lur azpian ere hobekuntzak egin eta upeltegietako gangak sendotuko dituzte.
Dena ondo bidean, sei hilabete barru Upeltegien Auzoak orain galdutako duintasuna berreskuratuko du, beste garai bateko isla mantendu dadin.