Duela 3.300 urte inguru Arabako Errioxan dagoen El Sotillo trikuharrian ehortzitako gizonezko baten hortzean Yersinia pestis bakterioaren arrasto genetikoa aurkitu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Hortaz, orain arte Iberiar penintsulan aurkitu den izurriaren arrastorik zaharrena da PNAS aldizkarian aurkeztu berri dutena.
Orotara, duela 5.000 eta 2.500 urte artean Eurasia osoan aurkitutako Yersinia pestis bakterioaren hamazazpi genomaren berri eman du zientzialari talde horrek. Ikerketan EHUko hiru ikertzailek parte hartu dute: Iñigo Olalde genetistarekin batera izan dira Javier Fernandez Eraso eta Jose Antonio Mujika Alustiza arkeologoak.
Ikerketan berretsi dute Brontze Aroan izurria dagoeneko zabalduta zegoelako ideia. Oraingoan, baina, argitu ahal izan dute bi andui desberdin egon zirela, eta biak egon zirela batera kontinentean.
Andui bat arkakusoen bitartez zabaltzen zen. Beste anduia, berriz, iraungi egin zen Burdin Arotik aurrera. Halere, andui horren geneetan oinarrituta, zientzialariek uste dute ez zela arkakusoen bidez zabaltzen.
Aztertu dituzten hamazazpi laginetatik, bi baino ez dagozkio arkakuso bitartez transmititzen zen anduiari: Arabako lagina eta Errusiako estepan aurkitutako beste bat. "Kontuan izan behar dugu eskura dugun lagina nahiko mugatua dela", azaldu du Olaldek. "Hortaz, arkakuso bitartez aise zabaltzen zen andui hau seguruenera Europa osoan zabalduta egongo zen ere".
Hortzetan aurkitutako DNAri esker izan dute izurriaren arrasto genetikoaren berri. Hortzak izanda, odol hobietan geratzen dira ere gizaki baten gorputzean zeuden patogenoak. Kasu honetan, argi ikusi dute Yersinia pestis bakterioaren erruz hil zela El Sotilloko gizaki hau.
Olaldek dioenez, lagin horiek aztertzerakoan, genoma gehiena mikrobioena da, eta gizakiaren DNAren arrastoak oso urriak dira. "Hasiera batean, laginak giza DNA ikertzeko erabili ziren. Baina orain, Aida Andrades Valtueñaren taldeak mikrobio horietatik haien DNA berreskuratu du", azaldu du Olaldek.
Max Planck institutuan aspaldi ari dira ikertzen izurriaren arrastoa, eta duela bost urte Andrades Valtueñaren taldeak proposatu zuen izurritea duela 5.000 urte inguru iritsi zela Europara, Jamna herriak Asiako estepetatik ekarrita.
"Orain behintzat jakin badakigu Kristo aurreko 1.200 urtearen bueltan izurriaz hiltzen zen jendea bazegoela penintsulan", laburbildu du Olaldek. Oraingo erronka izango da andui horren arrastoari jarraitzea, ebatzi ahal izateko norainokoa zegoen zabalduta gaitz hori.