Ez da batere erraza gaur egungo irizpideen arabera iragana interpretatzea, eta hori ondo dakite historialariek zein arkeologoek. Ezein kontu aipatuta, berehala atera daiteke minduta sentitzen den norbait. Baita zientziaren alorrean ere. Iazko irailean New Scientist dibulgazio aldizkarian agertutako artikulu batek hautsak harrotu zituen, bereziki zenbait hedabidetan zabaldu ziren lerroburuak zirela eta. Besteak beste, bertan proposatzen zen duela 4.500 urte inguru Erdialdeko Europatik iritsitako populazioak heldu zirela Iberiar penintsulara, eta, horren ondorioz, bertoko gizonezko guztiak desagertu zirela. Inklusibo hitza modan den honetan, kanpotik etorritako inbasio bati buruz hitz egitean tentuz ibili beharra dago, eta polemika handia sortu zen. Hainbat ikertzailek haien kezka agertu zuten informazioari emandako tratamendua zela eta, eta arrazakeria edo matxismo bezalako hitzak zabaldu ziren.
Artean, parekoen ebaluazioaren fasean zegoen zientzia-artikulu baten lehen emaitzak ziren horiek, baina orain argitaratu dute ikerketa Science aldizkarian. Bertan, iraganean bizi izan ziren 271 lagunen analisi genetikoan abiatuta, iberiar penintsularen azken 8.000 urteak laburbildu dituzte. Iberiar penintsularen historia argitzen saiatu dira ikertzaileak; tartean, Euskal Herrikoa.
Iñigo Olalde gasteiztarrak gidatu du lana. Carles Lalueza-Fox genetista ospetsuaren laborategian egin zuen tesia Olaldek, baina gero Harvardeko Unibertsitatean (AEB) ikertzeko aukera izan zuen. Bi urte eta erdi daramatza bertan, eta bertatik azaldu dizkio ALEAri horrenbeste polemika piztu zuen ikerketaren nondik norakoak.
Erabili duten lagin estatistikoa oso esanguratsua izan dela azaldu du ikertzaileak. "Azken urteetan izugarri handitu dira teknika honen ahalmenak", dio Olaldek. "2012an nire tesia egin nuenean, gizabanako bat besterik ez nuen ikertu. Oraingo honetan 271 lagun izan dira". Funtsean, edozein analisi genetikoren parekoa da egiten dutena, baina hainbat "trikimailu" erabili behar dituzte oso narriatuta dagoen DNA berreraiki ahal izateko. "Teknika berriei esker, lehen erabili ezin ziren laginak erabili ahal ditugu orain". Zortzi milurteko tartea aztertu duten arren, bereziki azken 4.000 urteetan jarri dute arreta gehien, orain arte tarte hori ez zegoelako oso aztertuta genetikaren ikuspuntutik. Eta hor hasi dira gauzatzen lehen emaitzak, tartean, horrenbeste polemika piztu zuen gizonezkoen "ordezkapena".
Istorio harrigarria
"Brontze aroaren hasieran gertatutakoa izan da esanguratsuena", nabarmendu du Olaldek. "Kristo aurreko 2500-2000 tartean, Erdialdeko Europatik zetorren jendea iritsi zen penintsulara. Hor bi populazio bereizi ditugu: lokala eta etorri berriak. Batera ehorzten ziren, baina desberdinak ziren". Denboran aurrera jarraitu ahala, K.a. 2.000. urtetik aurrera aldaketa ikusi dute ikertzaileek. "Y kromosoma ia beti kanpotik datorrela ikusi dugu, eta garai horretatik lehenagoko gizonezkoek ez dute apenas oinordetzarik utzi".
Ordezkapen hori egiaztatu duten arren, horren haritik egin daitekeen irakurketa arras zaila da. Zientzia-artikuluan tentuz ibili dira horri buruz idaztean. "Antzinako DNAk sexuan oinarritutako alborapena jazo zela dokumentatzen duen arren, ikerketa arkeologiko eta antropologikoak beharrezkoak dira hori sortu zuten prozesuak ulertzeko". Olalde ere tentuz mintzo da, Skype-ren bestaldetik. "Garai horretan, artikulua parekoen ebaluaziopean zegoenez, ezin izan genuen hitz egin, eta jendeak interpretaziorik harrigarriena hartu zuen agian. Baina hori aukera bat izan daiteke, noski. Kanpotik bereziki gizonezkoak iritsi zirela, bertoko gizonezkoak akabatu eta emakumeekin ezkondu zirenekoa, hain zuzen. Baina arkeologoek esaten digute ez dagoela ebidentzia argi nahikoa esateko garai horretan bortizkeria sistematikoa izan zela".
"Aukera bat izan daiteke: kanpotik gizonezkoak iritsi izana eta bertakoak akabatu izana". IÑIGO OLALDE
Bestelako aukerak mahai gainean jarri ditu adituak. "Agian estratifikazio sozial handia zegoen, eta bertako emakumezkoek lehenetsi zituzten estratifikazio horretako goiko postuetan zeuden kanpoko gizonezkoak". Kanpokoek ekarritako gaitz baten aukera planteatu dela azaldu du Olaldek, baina logika handirik ez dio ikusten, zaila baita gizonezkoei baino eragiten ez dien gaixotasun bat irudikatzea. Zer gertatu zen, bada? "Galdera horretarako DNAk ez du erantzunik", dio Olaldek.
Populazio aldaketak
Jose Antonio Mujika Alustiza kidearekin batera, EHUko arkeologo Javier Fernandez Eraso artikuluan parte hartu duten egileen artean dago. Euskal Herriari dagokionez, haiek bidali dituzte ikerketa honetarako beharrezkoak ziren laginak eta datazioak: 60 lagin, guztira. Kontu konplikatua dela aitortu du Fernandez Erasok. "Artikuluan babestu dute ia-ia populazio ordezkapen bat izan zela. Eta gure artean honek mesfidantza asko eragin dezake. Badakizu, euskaldunok uste dugu Paleolitotik gaudela hemen, baina hori ez da egia", azaldu du. Olaldek berretsi du ideia hori: datu genetikoak eskutan, oro har, euskal populazioa Burdin Arotik aurrera desberdintzen da penintsulako gainerako populazioetatik, baina duela 4.500 urte estepatik etorritako uholde genetiko horrek euskal lurraldean ere eragina izan zuen. Populazio mugimendu horiekin batera nagusitu ziren indoeuropar hizkuntzak gurean errotu ez baziren ere, penintsulan izandako eragin genetikoa berdina izan zen: gaur egungo Euskal Herriko gizonezkoen %80 inguruk du Europako estepetan abiatutako genealogia genetiko horren marka.
Datu arkeologikoek ez dute asko argitzen, baina zerbait garrantzitsua gertatu zela iradokitzen duten zantzuak badirela dio Fernandez Erasok. "Toloño mendilerroan, adibidez, duela 4.000 urte inguruko kronologietan, ehortzitakoak aurkitu ditugu, eta, horien gainean, Kalkolito garaiko korta bat. Argi dago zuk ez duzula jarriko korta bat zure familia ehorzteko erabil duzun hilobiaren gainean". Duela 4.300 urteko hildakoetan ere gezi puntak aurkitu dituztela azaldu du; badakite artzainak zirela, bruzelosia zutelako. "Badirudi jende desberdina izan zela; populazio aldaketaren bat izan zela, hain zuzen; baina gaur egungo datuen argira ezin dugu hori frogatu".
Oraindik argitu ezin izan duten beste misterio bat hizkuntzei dagokiena da. Ez da kontu hutsala: hizkuntzen banaketa kontuan hartu dute laginak aukeratzean. "Penintsula osoan gertaera horren eragin genetikoa izan zen arren, horrekin batera etorri omen zen indoeuroparrak ez zituen hizkuntza guztiak ordezkatu", dio Olaldek. Iberiarra desagertu bazen ere, eta erromatarrak Euskal Herrian izan ziren arren, euskara mantendu zen, antza, genetikoki edo kulturalki Burdin Arotik aurrera euskal lurraldea isolatuagoa gertatu zelako. Horren arrazoia ulertzea da argitzeko dagoen gakoetako bat, baina, ohi bezala, ezagutzak argituko du bidea. Zuzentasun politikoak horretarako eskubidea ematen badu, noski.