Arabako Mahastiak sor-marka epaitegietan geldiarazi nahi du Errioxak

Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 08:00

Martxoan, Arabako Mahastiak jatorri deitura eratzeko eskaera egin zuen Jaurlaritzak. / PHOT.OK

Arabako Mahastiak sor-marka eratzea saihestu nahian, Eusko Jaurlaritza EAEko Justizia Auzitegi Nagusian salatu du Errioxako izendapenaren Kontseilu Arautzaileak.

Polemikak Arabako Errioxako sor-marka propioa eratzeko ahalegina inguratzen jarraitzen du. Aurtengo martxoan, Europako Batasunaren bidetik argi berdea lortu zuen egitasmoak, Eusko Jaurlaritzak Jatorri Deitura Babestu gisa erregistratzea eskatzeko izapideak amaitu zituenean. Bestalde, joan den astean, giroa "gaiztotuta" zegoela ikusirik, EAJk iragarri zuen azkenean ez duela Espainiako Kongresuan aurkeztuko Arabako Errioxako ardoetarako jatorri deitura berezi bat sortzeko lege proposamena, eta gerorako utziko duela.

Testuinguru horretan, Errioxako izendapenaren Kontseilu Arautzailea ofentsibara jauzi egin du: Europako Batasunean martxan dagoen izapidetze-prozesua epaitegietan geldiarazi nahi du, eta horretarako salaketa bat jarri du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, Eusko Jaurlaritzak martxoan igorritako eskaera baliogabetzeko asmoz.

Arabako Errioxako upategi txiki eta ertainek —Arabako Errioxako Upategien Elkartean (ABRA) bat eginda— beren ardoa marka propio batekin ekoitzi eta saldu ahal izatea eragotzi nahi dute Errioxako upategi handiek, produktu bera beste izendapen batekin "usurpatu" nahi dutela argudiatuz. Oraingoz, Espainiako Kongresuan EAJren lege proposamenak atzera egitea lortu dute; Europako Batasunaren bidea, berriz, zabalik dago oraingoz, baina Auzitegi Nagusiko epaileen kontrako erabakiak aukera hori ere zapuztu dezake.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago