EAJk azkenean ez du aurkeztuko Espainiako Kongresuan Arabako Errioxako ardoetarako jatorri deitura berezi bat sortzeko iragarrita zuen lege proposamena, eta gerorako utziko duela adierazi du. Atzo Aitor Esteban EAJko diputatuak argudiatu zuen kongresuan orain giroa "gaiztoturik" dagoela, eta aurrerago berrekingo diotela proposamenari. EAJk ohar batean ziurtatu du Estebanek lortu duela alorreko Espainiako ministroaren "konpromisoa", eta elkarrizketa bide "lasaia" irekiko dutela.
EH Bilduk kritikatu du proposamen hori aurkeztu ez izana, eta Arabako ardogintza "gatibu" dagoen adierazle dela esan du. Alderdiak "ate-kolpetzat" jo du EAJren erabakia. Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaile Kike Fernandez de Pinedoren esanetan, enpresa talde handien eta Errioxako Gobernuaren "presioak" eta "borondate falta" daude erabaki horren atzean. "Agerian geratu da ezinezkoa dela Arabako ardoak adostasunez bereiztea", azpimarratu du. Bereizketa "biziraute kontua" dela erantsi du.
PPk termino bera baliatu du egoera deskribatzeko, baina kontrako norabidean. Iñaki Oiarzabalen esanetan, ardogintza "zatitu eta politizatzeko saiakera" izan da EAJk burututakoa, baina "ate-kolpea" eman zaio orain. "Errioxa jatorri deitura arrakasta-proiektua da, baina EAJk urteak daramatza hori apurtu nahian, kontrolatu ahalko duen txiringito bat sortzeko", idatzi du Oiarzabalek sare sozialetan.
Arabako Ezker Anitza IU-ko batzarkide Jose Damian Garcia-Morenoren ustez, gaiaren bueltan sortutako polemika "gehiegizkoa" eta "artifiziala" izan da. Erantsi du, ordea, Errioxako sor-marka kudeatzen duen erakundeak "sektore osoaren" alde egin behar duela, eta ez "sanedrin" bat bezala. Norabide horretan, alde guztiak aintzat hartuko dituen elkarrizketa abiatzea eskatu du, "Arabako Errioxa errespetatzeko" eta "gure ardoak" bereizteko.