Arabako Errioxako upategi talde baten eskabidea aurkeztu zenetik ia bost urte igaro diren honetan, Eusko Jaurlaritzak aintzat hartu du Arabako Mahastiak Jatorri Deitura Babestua bultzatzeko eta Europako Erkidegoaren erregistroan inskribatzeko egindako eskaera. Orain, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari igorriko dio ebazpena, Europako Batzordeari helaraz diezaion.
Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak Europako Erkidegoko araudiak eta Mahastizaintza eta Ardogintza Arautzeko Legeak ezartzen dituzten egiaztapenak egin ditu, eta, azkenik, aldeko ebazpena iritsi da.
Horretarako, aurkatzeko prozedura nazionalaren faseari ekin zitzaion, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) iragarki bat argitaratuz. Ondoren, bi hilabeteko epea ireki zen aurkaratze arrazoituak egiteko; edozein pertsona fisikok edo juridikok egin zezakeen, baldin eta bere ustez legez dagozkion eskubideak edo interesak kaltetu izan badira.
Aurkaratze ugari aurkeztu baziren ere, aurkatze prozedura aldeko ebazpenarekin amaitu da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argi berdea eman zaio Arabako Mahastiak JDBaren eskaerari.
Eta orain zer?
Albiste garrantzitsua da ezagutu berri duguna, baina horrek ez du esan nahi prozesua burututa dagoenik. Hainbat urrats eman beharko dituzte orain Arabako Errioxako upategiek:
- Orain, eskaera Jatorri Deitura eta Adierazpen Geografiko Babestuen Europako Erkidegoaren erregistroan inskribatzeko prozesu administratiboari ekingo zaio. Prozesu horrek bi fase ditu: barne mailako izapidetze fase bat eta Europako Batzordeak kudeatu beharko duen beste bat.
- Ministerioak jatorri deitura Europako Erkidegoaren erregistroan inskribatzeko eskaera Europako Batzordeari helarazi ostean, babes nazional iragankorra eman ahal izango da, aldi baterako.
- Ondoren, Batzordeak babes eskaera aurkezteko data argitaratuko du, eta egiaztatuko du ezarritako baldintzak betetzen ote dituen.
- Hala bada, Europako Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko du dokumentu bakarra eta aurretiazko prozedura nazionalean egindako baldintza agirien argitalpenaren erreferentzia.
- Bi hilabeteko epean, Europako Batasuneko kide den estatuk, hirugarren herrialdek edo bidezko interesik duen edozein pertsona fisikok edo juridikok proposatutako babesaren aurka egin dezake, Batzordeari adierazpen arrazoitua aurkeztuz.
- Azkenik, Batzordeak duen informaziotik abiatuta, aurkaratzeko prozedura bukatzen denean, jatorri izendapena babestea erabaki ahal izango du, ezarritako betekizunak betetzen baditu eta Europako Batasuneko araudiarekin bateragarria bada; bestela, ukatu egingo du.