Martxoak 3, 42.urteurrena

Martxoaren 3ko biktimentzat justizia eskatu dute milaka lagunek

S. Fdz de Aranguiz eta E. Anda 2018ko mar. 3a, 20:27

Aurten, emakumeek eta herri mugimenduek hartu dute protagonismoa.

Milaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Gasteizko kaleetan, 1976ko martxoaren 3an Zaramaga auzoan Poliziak hil zituen bost langileak gogoratzeko eta "justizia" eskatzeko. Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda gogora ekarri dituzte milaka pertsonak, lehendabizi, 18:30ean Martxoak 3 plazan egindako omenaldian.

"42 urte igaro dira, 42 urte Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Peredarentzat, zein Tarragonan eta Basaurin hil zituzten Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antonentzat, justizia eskatzen", azaldu dute Martxoak 3 elkarteko ordezkariek, Martxoak 3ko plazako omenaldian. Era berean, 2017an hil zen Koldo Larrañaga apaiza eta zinegileari aipamen berezia egin diote, "sarraskiaren lehenengo irudiak grabatu zituen lagunari". Gainera, elkarteak eskerrak eman dizkio gizarteari, "borroka bizirik mantentzeagatik". 

Aurten, emakumeek protagonismo berezia izan dute, eta 1976an "frankismoaren matxismo estrukturalari" aurre egin zioten emakumeak ere omendu dituzte. Zentzu horretan, martxoaren 8ko grebarekin bat egin du Martxoak 3 elkarteak, bertan parte hartzeko deia luzatuz.

Azkenik, Espainiako Bankuaren eraikinean egingo duten biktimen memorialaren eredu "baztertzailea" salatu dute, bertan martxoaren 3ko biktimek ez dutelako lekurik izango: "Errealitatearekin zerikusirik ez duen kontakizun bat inposatu nahi digute. Fraga Iribarnek sortutako alderdiak erabakitzen du nortzuk diren 'biktima' eta nortzuk ez". Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari proiektu hau ez babesteko eskatu die.

Emakumeak, protagonista

Omenaldia amaitzean, milaka gasteiztar manifestazioan abiatu dira Andre Maria Zuriaren plazaraino. Manifestazioaren buruan, lehendabizi, emakumeak izan dira, 'Guztion indarrak batuz aldaketa gauzatu' lemadun pankarta eramaten. Ondoren, Martxoak 3 elkarteko kideak, herri mugimenduko eragileak eta mugimendu feministako kideak izan dira. Amaitzean, azken hauek hartu dute hitza, Gasteizko erdigunean egin duten ekitaldian.

1976ko egun horietan eta ondorengo urteetan, emakumeek izan zuten papera ikusarazi nahi izan dute, "protesta horien kontakizun osatugabea irudikatu dugulako". Hori dela eta, "autokritika"  egin, eta emakume horiek "berriro ez ahazteko" eskatu dute mugimendu feministako bozeramaileek. Besteak beste, emakume hauek "protestak egiten, zaurituak zaintzen eta sarraskiak eragindako minari aurre egiten" egon zirela gogoratu dute. Emakume horietako batzuk Andre Maria Zuriaren plazan izan dira, beren testigantza ematen, tartean, Mertxe Gutierrez Zaramagako bizilaguna, Romualdo Barrosoren arreba Eva Barroso eta Amparo Lasheras kazetaria.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago