Udarako planak, Araban

Mahastien artean banatuta dauden trikuharri asko ditu ikusgai Arabako Errioxak

Mirian Biteri 2019ko abu. 11a, 07:00

Egilea: Anderno

Guardia eta Bilar arteko errepidean dagoen Sorginaren Txabola handiena eta ondoen kontserbatuta dagoena bada ere, trikuharri guztiek merezi dute bisitarien arreta.

Arabako Errioxan dago Euskal Herriko dolmenik garrantzitsuenetariko bat: Sorginaren Txabola. Ziurrenik, inguruko trikuharrietatik handienetakoa eta egokien kontserbatu dena da Guardia eta Bilar artekoa; A-3228 errepidean aurkitu daiteke hilobi-monumentu megalitiko hori.

Alvaro de Gortazarrek eta Carlos Saenz de Tejadak aurkitu zuten 1935ean, eta urtebete beranduago, horren indusketa partziala egin zuen Jose Migel Barandiaranek. Besteak beste, giza hezurrak, leundutako aizkorak edo kanpai formako zeramika-zatiak aurkitu zituzten bertan; gaur egun, Arabako Arkeologia Museoan daude ikusgai trikuharrian topatutako hainbat tresna. 1974. urtean Juan Maria Apellanizek indusi zuen.

Urte asko pasa behar izan ziren trikuharria berriz ere aztertzeko. Hain justu, Arabako Diputazioak eskatuta, ikerketa lanak egin zituzten 2010 eta 2014 urte bitartean EHUko irakasle Javier Fernandez Erasok eta Jose Antonio Mujika Alustizak.

Hilobi-ganbera (4m x 3,80m, eta 2,70m garai) hareharrizko bederatzi lauzaz osaturik dago, oinplano poligonala du, eta beste lauza batek egiten du estalkiarena. Estalki hori hiru zatitan banatuta aurkitu zuten, ganbararen barruan, eta zaharberritu ostean, ustez bere lekua zen tokian jarri zuten berriro ere.

Korridorearen oinplanoa angeluzuzena da eta bost lauza ditu, 1,10 m zabal eta 1,50 garai den pasabidea eratzen dutenak. Zeharkako lauza batek bitan banatzen du korridorea. Trikuharriaren gauzarik bereizgarriena da korridoreko eta ganberako harlauza bertikalen artean dagoen garaieraren aldea. Estaltzeko tumulua zati batean kontserbatzen da bakarrik.

Abuztuaren 14an, akelarrea

Abuztuaren 15ean ospatzen diren herriko jaien bezperan, akelarrea antzezten dute ondoko zelaietan. Akerraren eta sorginen aitzakian, festa ederra egiten dute egun horretan Bilarren.
Sorginaren Txabolakoa ezagunena bada ere, eskualdeak baditu beste trikuharri asko. Bilarren, esaterako, El Encinal ere aurkituko dute bisitariek. Trikuharri handia da hori ere, ganbera poligonal batez eta korridore batez osatua.

Lezatik Guardiarako A-124 errepidean, bestalde, El Sotillo dago. 1955ean aurkitu zuen Medrano ikerlariak. Indusketa lana, baina, zortzi urte beranduago egin zuten Medranok berak eta Barandiarandek eta Apellaniz lagunek osatutako taldearen eskutik. Trikuharri neolitiko hau harearrizko lauzaz osatuta dago: 9 gelan, eta 4 ganbaran. Ez batak ez besteak ez dute estalkiaren aztarnarik.

Gehiegi mugitu gabe San Martin dolmena aurkituko dute bisitariek. Erraz identifikatzen da hori, tumuluaren gainean txabolatxo bat duelako; hain zuzen, trikuharriaren ganberako lauzak atzealdeko murrutzat dauzkana.

Korridore motako hilobiak

Guardian beste hiru dolmen daude, korridore motako hilobi megalitikoak guztiak: Alto de la Huesera oso handia da; hareharrizko sei lauza handi ditu, esparru poligonal bat mugatzen dutenak (2,65 metroko diametroa). Los Llanosek sei lauza ditu, hilobi-ganbera poligonala (3m x 2,60m) eta 103cm zabalerako pasagunea mugatzen dituztenak. Layazak, azkenik, oinplano irregularra du (3m x 1,80m). Hareharrizko zazpi lauzatan oinarrituta dago, eta korridoreak zortzi lauza ditu; nahiko egoera eskasean dago azken hori.  
Trikuharriekin lanean dihardute Arabako Errioxan, lurperatuta dauden dolmenak azaleratzen ari baitira oraindik ere. Villabuenan, esaterako, Bronte Aroko El Montecillo agertu zen 2009an, eta iaz eraberritu zuten. Gain batean dago, mahastiz inguratuta. Duela gutxi arte trikuharria dagoen tokian bertan ere mahastiak landu zituzten. Ez da  ziurrenik argia ikusten duen azken trikuharria izango.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago