Udako oporretako argazki onenak sarituko ditu ALEAk

Erredakzioa 2026ko uztailaren 7a

OPORKLIK! argazki lehiaketako argazki batzuk

ALEAk udako argazki lehiaketa jarri du martxan, aurtengo oporraldietako bizipenak irudien bidez partekatzeko asmoz. Uztailaren 6tik irailaren 20ra bitartean izango da argazkiak bidaltzeko aukera.

Arabako bazterretan, Euskal Herriko txokoetan edo gure lurraldetik harago ateratako irudiak jaso nahi ditu ALEAk uda honetan. Oporretan, jaietan, mendian, hondartzan, herriko plazan edo ustekabeko une batean kamerarekin harrapatutako argazkiak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara.

Parte hartzeko, nahikoa izango da ALEAren webgunean dagoen inprimakia betetzea eta argazkia bertan igotzea. Argazkiak bidaltzeko azken eguna irailaren 20a izango da, 23:00ak arte.

Bi sari banatuko dira parte hartzaileen artean. Batetik, ALEAkideen saria izango da: erabiltzaileen artean boto gehien jasotzen duen argazkiak Errigorako saski bat irabaziko du. Bozketa irailaren 21etik 27ra bitartean egongo da zabalik ALEAren webgunean, eta herritar bakoitzak hiru argazki aukeratu ahal izango ditu.

Bestetik, epaimahaiaren saria ere izango da. ALEAko lantaldeak parte hartzaileen artean argazki bat aukeratuko du, irudiaren originaltasuna eta kalitatea kontuan hartuta. Sari hori Gasteizko Parral jatetxe begetarianoan bi lagunentzako eguneko menua izango da.

Irabazleen izenak irailaren 28an jakinaraziko dira, ALEA aldizkariaren ale berriarekin batera udazkenari ongi etorria emateko.

Beraz, ez izan lotsarik: hartu kamera, aukeratu udako unerik bereziena eta bidali zure argazkia ALEAra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago