Amiantoa duten hondakinak garbiguneetan jasotzeko aldundiak abiatu duen kanpaina bertan behera uzteko eskatu du Oiongo EKI elkarteak, horrek herritarrak eta garbiguneetako langileak "arrisku larrian" jarri ditzakeela iritzita.
Elkarteak zabaldu duen ohar baten arabera, kanpaina horrek estatu eta erkidego mailako legeria urratuko luke, bai eta aldundiaren protokoloak ere; hortaz, "onartezina den ausarkeriatzat" jo dute ekimena. Are, iragarri dute kanpaina "24 orduan bertan behera uzten ez badute", OSALAN agentziara eta fiskaltzara joko dutela. Aldundiaz gain, elkarteak Arabako Errioxako Kuadrilla eta Oiongo Udala seinalatu ditu. Salaketa zabaldu eta ordu gutxira, Elkarrekin Arabak azalpenak eskatu dizkio Saray Zarate Jasangarritasun foru diputatuari.
Elkartearen arabera, kanpainak herritarrak bultzatzen ditu "agente kantzerigeno bat desmuntatu, manipulatu eta garraiatzera", horretarako babes neurriak izan gabe. Zabaldutako kartelaren arabera, 10 metro koadro arteko xaflak jaso ahalko dira, edo gehienez 200 kiloko materialak. Beti ere, material ez hauskorrak ez direnean.
Arabako Errioxako Kuadrillak zabaldu duen informazio kartelaren arabera, bilketa hori Langraiz Oka, Kanpezun eta Oionen egin ahalko da egun zehatzetan, eta horretarako beharrekoa izango da aldez aurretik inprimaki bat betetzea.
Gogoratu beharra dago elkarte berak salaketa bat jarrita duela fiskaltzan Arabako Errioxako Kuadrillako presidentearen aurka, bai eta Valdeaguilarreko (Oion) zabortegia babestu zuten batzarkideen eta idazkari kontu-hartzailearen aurka ere. Elkarteak zabortegiaren tramitazioa gelditzeko eskatu zuen, amiantoa jasoko duela uste duelako, eta prozesuan "milioi bat euro" inguru "desbideratu" direla uste duelako.
Iazko azaroan ALEAk zabaldu zuenez, aldundiak 2025eko otsailetik utzi zion garbiguneetan amiantoa zuten materialak jasotzeari, material arriskutsuak jasotzeko protokolo baten faltan. Orduan jakin zenez, garbiguneetan amiantoa uzteko hamabost eskaera uxatu zituzten, eta orduan Zaratek iragarri zuen protokolo berria abiatzean eskatzaile horiei "baimen bat" bidaliko zietela.
