Arabako Fiskaltzak Oiongo zabortegiaren inguruan Podemos eta EKI elkarteak aurkeztutako salaketa bat tramitera onartu duela ezagutarazi du gaur alderdiak. Salatzaileen arabera, prozesu horretan "prebarikazio administratiboa, ondasun publikoen bidegabeko erabilera, eragimen trafikoa eta funtzionario publiko bati hertsapenak eta mehatxuak" egon daitezke. Are, salatzaileek diote Valdeaguilarreko zabortegiaren inguruan "milioi bat euro inguru desbideratu" direla "interes pribatuetara", erabaki "arbitrarioen eta kontratu irregularren bidez" enpresa jakin bati "mesede egiteko".
Afera ofizioz berrikustearen aurka bozkatu duten Arabako Errioxako Kuadrillako hamar batzarkideen aurka salaketa zabaldu dela ezagutarazi dute ere, bai eta idazkari kontu-hartzailearen aurka ere, beharrezko lege kontrola egiteko "erantzukizuna saihestu" zutela iritzita. Podemosen arabera, EKI elkarteak kuadrillari gaia aztertzeko eskatu zionean, batzarkide hauek eta idazkaria kanpoko bulego juridiko bati eskatutako "txosten partzial batean" oinarritu ziren eskaeraren aurka egiteko.
Podemosek eta EKIk abenduan aurkeztu zuten salaketa epaitegian, zabortegiaren "ezkutuko pribatizaziorantz" aurrera egiteko "delituak" egon direla sinetsita daudelako. Leticia Jimenez Podemos Euskadiko Antolakuntza idazkaria "oso pozik" azaldu da, Fiskaltzak erabaki honekin esan dielako "demandak beharrezko lege baldintzak betetzen dituela, eta benetan badagoela oinarria guretzat eskandalu nabarmena dena aztertzen hasteko".