Garbiguneetan amiantoa uxatzen ari dira otsailetik

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 24a

Orain arte informazioa "ahoz" helarazi diete kuadrilletako ingurumen teknikariei. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Orain arte hamabost eskaerari ezetz esan dio aldundiak, oraindik hondakin arriskutsuak hartzeko protokoloa gaurkotu gabe daukatelako. 

Arabako Garbiguneetan otsailetik ez dira amiantoa duten hondakinak jasotzen ari, eta, orain arte publiko egin ez den arren, informazio hori "ahoz" helarazi diete kuadrilletako ingurumen teknikariei, baita idatziz ere, "eskaera zehatzei" erantzuna eman dietenean.

EH Bilduk Batzar Nagusietan egindako galdera bati emandako erantzunean, Saray Zarate Ekonomia eta Jasangarritasun diputatuak esan du neurria "behin-behinekoa dela" eta "inolaz ere ez dela eten eskaera berrien harrera", baina, aldi berean, gaineratu du eskatzaileekin harremanetan jarri direla jakinarazteko "aldi baterako ez direla amiantoa duten hondakinak jasoko". Aurreratu duenez, protokolo berria ezartzen denean "dagokion baimena" bidaliko zaie eskatzaileei, "xehetasun guztiekin".

Zaratek ez du argitu noiztik jaso ahalko den berriro amiantoa. Esan duenez, foru gobernu kontseiluaren 571/2025 erabakiak ahalbidetu du hondakin arriskutsuak kudeatzeko kontratua egokitzea, eta oraingo protokoloan oinarrituta, "egutegi bat lantzen" ari dira uneotan.

Jasangarritasun Foru Sailaren arabera, sarrera debekatu dutenetik hamabost eskaera jaso dira, eta horiei "laster" erantzungo diete. Modu berean, ziurtatu dute orain arte de dela erabaki horren gaineko erabakirik jaso.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago