Oier Iñurrieta

"Gure irudia zen mezua: zazpi lurralde eta zazpi gorputz euskararen inguruan bat eginda"

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 1a

Igandeko emozioak asimilatzen jarraitzen du Oier Iñurrietak. "Gure mezua motz geratzen da jaso dugun maitasun guztiaren ondoan".

Korrika amaitu eta egun batzuetara, Oier Iñurrietak (Gasteiz, 2000) oraindik denbora behar du Bilbon bizitakoa barneratzeko. "Igandekoa asimilatzen ari naiz oraindik. Azken asteetako urduritasunak kendutako lo orduak berreskuratzen eta jasotako mezu pilari erantzuten". Izan ere, espero baino mezu gehiago eta hunkigarriagoak jaso ditu: "Gure mezua motz geratzen da jaso dugun maitasun guztiaren ondoan". Besteak beste, Errota eskolan, haren eskolan, ongi etorri beroa egin diote astelehenean ikasleek eta lankideek.

Dena AEKren mezu batekin hasi zen, kafe bat hartzeko aitzakiarekin. "Inondik inora ez nuen espero proposatuko zidatena; negar batean hasi nintzen eta baietz esan nuen segituan, zer suposatuko zuen guztiz jakin gabe". Erronka handia zen, bere "lurralde maitea" ordezkatzeak beldurra ematen baitzion, baina aukerari heldu zion.

Zazpiak bat

Mezua ez zen bakarkako lana izan, zazpi mezugileren arteko sorkuntza kolektiboa baizik. Lehen topaketak bideo-dei bidez eta Altsasun egin ostean, asteburu erabakigarria Ozetako Garaion Sorgingunean egin zuten. Hantxe elkartu zen Xalbat Alzugarai, Oihana Arana, Leire Casamajou, Aitzol Gil de San Vicente, Beñat Jusue eta Elene Mengyurekin. "Harrotasunez esan dezaket mezua Araban idatzi genuela. Garaion opari bat izan zen; hango kideek bazekiten zerbaitetan ari ginela, baina ez genien ezer esan", gogoratu du Iñurrietak. Aranak gidatutako proposamenekin, taldelanean osatu zuten martxoaren 29an irakurri behar zuten mezua: "Bakoitzak bere ideiak eraman zituen eta, blokeo momentu txikiak izan genituen arren, igande goizeko hamaiketarako idatzita zegoen dena".

Iñurrietarentzat, testuaren edukia bezain garrantzitsua da atzean dagoen irudia: "Eman genuen irudian dago mezua: zazpiak bat. Zazpi lurraldeetako eta zazpi gorputzetako esperientziek bat egin dugu, bakoitzak bere tokitik euskarari begira topagune bat bilatuz. Hori da gure gorputza".

Etorkizunera begira, mezuan azpimarratu moduan, aurrera goaz, baina nora goaz? "Ez dakigu, baina bidean jarraituko dugu", dio tinko. Euskarak erronkak dituela badaki, baina konfiantza osoa du aurreko belaunaldiengan zein belaunaldi berriengan: "Konfiantza osoa dugu gazteengan, zazpi lurraldeetan euskara babesteko eta zabaltzeko grina horretan. Horrek eramaten gaituen tokira joango gara".

Bideoa: EKAITZ ANDA

 

24. Korrikako mezuaren egileak, joan den igandean, Bilbon, Argazkia: AEK

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago