24. korrika

Korrikaren zain, jairik jai

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 24a

Martxoaren 14an Korrika Jaia egin zuten Baxaurin. Argazkia: ANTTON BASTERO

Martxoaren 26tik 27rako gauean igaroko da bigarren aldiz Korrika Arabatik. Gorbeialdea, Añana, Trebiñu eta Gasteiz zapalduko ditu, eta hainbat herritan jaiak antolatu dituzte lasterketari harrera egiteko.

Eskualde guztietan Korrikarekin lotutako ekitaldi kulturalak antolatu dituzte herrietako Korrika batzordeek, udaletako eta kuadrilletako euskara teknikarien laguntzarekin, eta Arabako Korrika arduradunen babesari esker. Hartara, Araba bigarren aldiz zapalduko duenerako, martxoak 27 egun handirako, hamaika jai egingo dituzte herrialdeko hainbat txokotan euskararen aldeko lasterketari ongi etorria emateko.

Urkabustaizen, kasu, Korrika Txikia egingo dute hilaren 27an goizean; 14:30ean harrera egingo diote Korrikari eta ondoren, herri bazkaria antolatu dute Izarrako frontoian, eta parranda Eingo taldearekin.

Arratzua Ubarrundian, berriz, Ikasbidea ikastolak antolatu du goizean Korrika Txikia, 09:30etik aurrera. 18:30ean, herri kirolak eta petoak egiteko lantegia egingo dute udalerriko gazteek, eta 21:00etan, pintxo afaria, Korrikaren zuzeneko emisioa eta musika izango dute Duran, gauerdian pasako den Korrikaren itxaronaldia arintzeko.

Añanako Kuadrillako hamar udalerrietan jarduera ugari antolatu dituzte azken egunotan Korrikaren bueltan. Martxoaren 27an zehazki, Ribabellosan egingo dute Korrikako kalejira Unamunzaga eskolatik San Martin plazara, 16:30ean, eta ondoren dantzaldia antolatu dute Joxe Mendizabalekin 17:30ak arte. Gainera, Korrikan parte hartzera joateko autobusa izango dute euskaltzaleek.

Langraiz Okan, berriz, 17:20etan aurreikusi dute iritsiko dela Korrika. Hartara, 17:00etan hasiko da Korrika Jaia herriko batukada taldearen burrunbarekin. Behin Korrika herritik igaro eta gero, kalejira egingo dute Gotx elektrotxarangarekin, Siglo eta Kronos tabernetatik hasita.

Martxoaren 26tik 27rako gauean igaroko da Korrika Aiaraldetik. Hartara, 26an goizean Korrika Txikia antolatu dute Artziniegan eta Okondon, eta arratsaldean umeentzako lantegiak, karaokea, askaria, musika eta kantaldia izango dira bi herri horietan.

Korrikaurre eta Korrikoste

Ohi bezala, Arabako hiriburuak hartuko du protagonismo berezia martxoaren 27an, eta auzo guztietan antolatu dituzte arratsalde pasa ederra eta alaia egiteko hainbat ekitaldi. Gainera, Korrika Gasteiztik igaroko dela baliatuz, Korrikaurre eta Korrikoste festak egingo dira. Lehena, DJ Malandro eta DJ Eromenarekin, Izaskun Arrue Kulturgunean egingo dute. Bigarrena, gauerditik aurrera, Jimmy Jazz aretoan, Vulpinax, DJ Urba, Wary eta Papatraumarekin. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago