Euskara eta elikadura, auzolan

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 24a

Errigorarekin kolaboratzen duten ehunka boluntarioen lana eskertu nahi izan dute ekimeneko kideek. Argazkia: ERRIGORA

Errigora omentzen ari da 24. Korrika, "euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarra" aintzatzeko. Orburutxo eta Zainzuriñe pertsonaiez baliatzen ari dira presente egoteko.

Korrikaren edizio guztietan dago omenaldi bat, eta aurten Errigora ekimenak eraman du ohore hori. Urtearen hasieran iragarri zuen AEK-k aurtengoa nafar ekimenari emango ziola, eta Durangoko (Bizkaia) Plateruenean gauzatu zuten ohore hori urtarrilaren 31n, omenaldi xume baten bitartez.

Bertan, "euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari" emandako aitortzaren zioak azaldu zituzten: "Euskara ofiziala ez den eremuan, euskalduntzean egin duen ahalegina aintzatzeko" modua izan da, bai eta "etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere".

Errigorako kide Adriana Urmenetak omenaldiaren albistea jaso zuten une hori gogoratu du. "Guretzat ohore bat izan zen horren berri izatea. Izan ere, AEKrekin beti elkarrekin lanean egon gara; guretzat sekulako ilusioa izan zen aitortza hori jasotzea".

Periferiak, erdigunera

Urmenetak nabarmendu nahi izan du oso esanguratsua egin zaiela aurreko edizioan Baxoa Euskaraz ekimenak aitortza hori jaso izana. "Oso positiboki baloratzen dugu Korrikak nabarmentzea historikoki diskriminatuak diren zonaldeak", aitortu du. Ekimena girotzeko, Urmenetak azaldu du bi pertsonaia asmatu dituztela: Orburutxo eta Zainzuriñe.

Azaldu dutenez, pertsonaiak egunero Korrikan zehar agertzen ari dira, zenbait kilometrotan, eta ideia da horren bueltan joko bat egitea. "Jendeak ikusi behar du egun bakoitzeko laburpen bideo bat, eta hor aurkitu behar dira pertsonaia horiek. Ondoren, errigora.eus webgunera sartu behar da, zein kilometrotan azaldu diren aipatuz. "Hala, egunero, irabazleen zein parte hartzaileen artean ere zozketak egiten ari gara".

Euskara ofiziala ez den eremuan egiten den lana aitortu du aurten Korrikak

Bestetik, Errigorak bere kilometroa egingo du San Adrianen (Nafarroa), eta hor ere elkartuko dira. "Beti ilusioz egiten dugu korrika, baina, aurten, fokua gurean egongo dela jakinda, are ilusio gehiagorekin egingo dugu".

Aurrera begirako asmoei dagokienez, Errigorako kideek argi dute elkartasunaren filosofia erdigunean mantendu nahi dutela, "jendeari helarazteko ezinbestekotasun hori, aurreko kanpainan erabili genuen hitza berreskuratuz". Zentzu honetan, argi dute orain arte egindako lanaren balioa, baina, aurrera egiteko bide zabala dutela ere jakin badakite. "Gurea ager zonaldea da, hau da, Nafarroa hegoalde eta erdialdean gaude, eta horregatik, hain zuzen, elkartasunaren beharra daukagu. Behar zaituztegu!", aldarrikatu du Errigorako kideak.

Bi ardatz

Urmenetak gogora ekarri du zeintzuk diren herri ekimenaren bi ardatz nagusiak: "elikadura burujabetza eta euskara". Lehen arloari dagokionez, hainbat erronka dituztela uste du: besteak beste, lehen sektoreari "prestigioa ematea", bai eta "belaunaldi berrien erreleboan arreta jartzea" ere, hori izango baita, Urmenetaren aburuz, etorkizunean landa eremuan izango duten arazoetako bat.

Agroekologiaren bidean sakondu nahi dute etorkizunean. Argazkia: ERRIGORA

"Uste dugu hor sekulako lana egiteko dagoela oraindik", esan du. "Agroekologiarako bidea egiten ari gara. Produktu konbentzionalak ere eskaintzen ditugu, baina gure logika da gero eta produktu ekologiko gehiago eskaini ahal izatea", azpimarratu du.

"Beti ilusioz egiten dugu korrika, Baina, aurten are ilusio gehiagorekin". Adriana Urmeneta


Euskararen arloari dagokionez, Urmenetak dio lortu behar dutela ager eremuan euskaraz bizi ahal izatea. "Une honetan oso zaila da, badakigu hau ez dela gertatzen soilik gure eremuan, baina zonifikazioak sekulako mina egin du", kexu mintzo da. "Gure eragileen bitartez eta gure lanaren bitartez, euskararen kontrako iritziak aldatu nahi ditugu, aukera gehiago emanez ikasteko, baina aisian ere euskararen erabilera bultzatuz".

Azkenik, hirugarren kontzeptu bati ere heldu nahi izan dio Urmenetak, Korrikarekin batera begi asko gainean izango dituztela aprobetxatuz. "Auzolana bada guretzat oso garrantzitsua den kontu bat", nabarmendu du. "Izan ere, Errigora ekimena posible da ehunka boluntariok lan egiten dutelako kanpainak helarazten, gauzak mugitzen, Errigoraren baitan erabakiak hartzen... sare erraldoi horrek posible egiten du adibidez %25 bideratzea Puzkara [euskararen sustapenera bideratzen duten diru zatia], edo jatorrizko prezioan erosi ahal izatea udaberriko kanpainan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago