Konpromisoa ere ikasten da

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 23a

Johana, Bea, Izaskun, Rocio eta Josemi ikasleak, aurreko edizioko kilometroa egiten. Argazkia: AEK

Gasteizko ikasle talde batek Korrikaren edizioetan kilometro bat erosi ohi du, eta horretarako dirua biltzen dute Judimendiko taberna eta lokaletan. 2661. kilometroa egokitu zaie aurten.

Duela hainbat urte euskaltegian euskara ikasteko abenturari ekin ziotenean egin zuten topo Gasteizko hainbat ikaslek Korrikarekin, Gasteizko Jose Mardones kaleko euskaltegian zeukaten irakasle "oso berezi" bati esker. "Korrika zer zen kontatu zigun, bai eta Korrikaren beraren historia ere", oroitu da Izaskun Garcia Roncero ikaslea. "Horren ondorioz, zerbait egiteko gogo askorekin geratu ginen. Eta pentsatu genuen kilometro bat erosi behar genuela, baina ez genekien nola egin ahal genuen hori".

"Kilometro bat erosi behar genuen, baina ez genekien nola egin". Izaskun Garcia Roncero

Hasiera batean zozketa bat egitea pentsatu zuten, baina gero otu zitzaien babesleak bilatzeko aukera. "Hala, Judimendi auzoko tabernetan hasi ginen, euskaltegiaren inguruan ostiraletan trago bat hartzen genuen tabernetatik, hain zuzen. Komentatu genien euskaltegian urte pare bat generamatzan ikasleak ginela, eta kilometro bat erosi nahi genuela". Modu horretan, borondatea eskatzen hasi ziren, eta gutxien ematen zienak 30 euro ematen zizkiela konturatu ziren. "Harritu ginen, kilometroaren dirua hain azkar lortu izanagatik".

Behin dirua lortuta, modu batean edo bestean babesleek ematen zieten diru ekarpena eta konfiantza eskertu beharrean zeuden, eta pentsatu zuten kamiseta batzuk egin behar zituztela. Duela hiru Korrika izan zen hori, eta aurtengoan ere errepikatu dute.

Egin zuten lehen Korrikan eguraldi eskasa izan zuten, baina animo handia. Argazkia: IZASKUN GARCIA RONCERO

Diru ekarpena ematen duten guztien izenak agertzen dira kamiseta horien atzeko aldean. "Korrikaren egunean gu kamiseta horiekin ateratzen gara".

Kolaborazio handia

Babesle bakoitzari kamiseta bana ematen diote, eta Korrikaren aurreko egunetan dirua jarri duten lokal guztietan banatzen dituzte, haiekin korrika egitera gonbidatuz. "Judimendi auzoko jendearen kolaborazioa harritzekoa da, aurten ere kilometrorako dirua oso azkar lortu dugulako", pozik azaldu da Garcia. Irrikan daude ostirala iristeko. "Ea, lekukoa hartu behar duzun unea zirraragarria da. Ikusten duzunean badatorrela, eta zeu zarela hartuko duena. Eta lehen urtean, gainera, furgonetako esatariak gure ekarpena zein izan zen azaldu zuen!".

Ostiralean, Santiago eta Jose Mardones kaleen arteko 2661. kilometroa egingo dute, 22:32etan, eta euskaltegiaren aurretik igaroko dira. Harro-harro egingo dute, noski, konpromisoa ere ikasi daitekeela erakutsiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago