Munduan barrena ere egiten da Korrika euskararen alde, euskarak mugarik ez duela erakutsiz. Euskal etxeek, euskara ikasleek, irakasleek, laguntzaileek antolatzen dituzte korrika herrikoiak leku askotan. Formatu txikikoak izaten dira, eta munduan bizi diren euskaldunak nolabait aktibatzeko eta euskararen aldeko mezua zabaltzeko balio dute. Ia kontinente guztietan gauzatu ohi dira edizio bakoitzarekin bat egiten duten ekimenak.
Era berean, Korrika beste hizkuntza gutxiagotu batzuentzat eredu da. Hala, Korrikak "ahizpa txikiak" ditu munduko hainbat lekutan. Urtez urte, ekimen horiek ugaritu egin dira: katalanaren, galesaren, bretoieraren, gaelikoaren, korsikeraren eta beste zenbait hizkuntza gutxiagoturen alde egiten dira.
Aurten hiru hitzordu nagusi izango dira: katalanaren aldeko Correllengua, apirilaren 19tik maiatzaren 5era; okzitanieraren aldeko La Passem, apirilaren 30etik maiatzaren 9ra; eta bretoieraren aldeko ar Redadeg, maiatzaren 8tik 16ra.
Hiru "ahizpa txiki" horiek 24. Korrikan ere parte hartuko dute. Zehazki lekukoa eramango dute Bilbon hiru ekimenetako ordezkariek. Era berean, Korrikaren azken egunean, martxoaren 29an, gune berezi bat eskainiko zaie Korrikaren munduko lagunei: Etxepare gunea, Plaza Berrian.
Bestalde, aurten AEKk erronka bat jarri du martxan 24. Korrikaren mezua munduan zabaltzeko eta, www.korrika.eus webgunearen bidez, Korrikaren mezua ahalik eta hizkuntza gutxiagotu gehienetara itzultzeko gonbita egin du. Mezuan aldarrikatzen dute munduko hizkuntza minorizatu guztiak direla "aterpe ireki eta erosoa" hiztunentzat.

