24. KORRIKA

Euskara ikasteko aitzakia

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 22a

Ikastetxeetarako unitate didaktikoa ikastolekin batera landu du AEK-k. Argazkia: AEK

Euskaltegi eta ikastetxeetarako material didaktikoa sortu du AEK-k, eta webgunean eskegi du, denon eskura. Adin eta maila guztietarako egokitutako edukiak dira

AEK-k 24. Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu ditu, euskararen erabileran eragin eta euskal kultura transmititzeko helburuarekin. Eduki guztiak dagoeneko eskuragarri daude Korrikaren webgunean. Atharratzetik Bilbora, Euskal Herri osoan zehar egingo den ibilbidea ez da errepideetara mugatuko; ikastetxe eta euskaltegietan ere izango du bere bidea.

Izan ere, bi eremu horietara bideratu dituzte bereziki aurtengo eduki didaktikoak; ikastetxeetarako eta euskaltegietarako materialak sortu dituzte. Ikastetxeetarako unitateak Euskal Herriko ikastolekin batera ondu ditu AEK-k, eta adinaren arabera antolatu: Xingi-xango (3-6 urte), Ttipi-ttapa (6-9), Nis-naska (9-12) eta Tarrapataka (12-18). Maila bakoitzerako hamabi jarduera prestatu dituzte, Tarrapataka atalean hamalau.

Edizio honetako berrikuntzen artean, Korrika Txokoa dago, ikasleek modu autonomoan aritzeko jardueren multzoa; eta Hurrengora arte! jarduera, Korrika amaitu ondoren bizitakoa partekatzeko eta euskaraz jarraitzeko konpromisoak lantzeko. Jardueren artean daude Gar eta Kea ipuina, Errigoraren omenaldia, lekukoaren diseinua edo Korrikaren "ahizpak" ezagutzeko ariketak. Gainera, Atharratzetik Bilbora doan ihes-gela birtuala ere proposatu dute, eskolan zein etxean erabiltzeko modukoa.

Euskaltegietarako materiala AEKren Didaktika sailak sortu du, A1etik C1era mailakatuta. Hiru jarduera nagusi dira: Badator 24. Korrika!, 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa eta Korrika historian. Azken hori bereziki egokitu dute entzumen zailtasunak dituzten pertsonentzat, Euskal Gorrak elkartearen laguntzarekin. Lehen unitatean Ane Elordirekin egindako elkarrizketa eta Korrikaren kanta landu daitezke; bigarrenean, berriz, joko bat proposatu dute, Atharratzetik Bilbora arteko ibilbidea galderen bidez osatzeko, eta kasu honetan badago irabazlerik ere.

AEKtik azpimarratu dute beren eskaintza pedagogikoa ikasle mota guztientzat eskuragarri egitea dela helburua, baita hezkuntza arruntean zailtasunak izan ditzaketenentzat ere. Horregatik, material egokituak sortu dituzte, entzumen arazoak dituzten ikasleentzat bereziki pentsatuak. Unitate didaktikoek "berrikuntza pedagogikoak eta inklusibitatearen aldeko urratsak" uztartzen dituzte, Korrikaren mezua hezkuntza komunitate osoan zabaltzeko. Informazio eta material guztiak korrika.eus webgunean zintzilikatu dituzte, edonork erabili ahal izan ditzan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago