24. Korrika

"Oraindik kalanbrea sentitzen dut lekukoa hartzen dudanean"

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 21a

Lehen Korriketako koordinatzailea izan zen Urtsa Errazti. Argazkia: AEK /KORRIKA

Lehendabiziko Korrikaren "logistika eroa" gogoratu du Urtsa Erraztik: GPSrik gabeko koordinazioa, azken unean egindako abestia eta helmugara iritsi ez zen mezu galduaren misterioa.

Duela 46 urte abiatu zen lehendabiziko Korrika Oñatitik (Gipuzkoa), eta Urtsa Errazti (Laudio, 1954) izan zen lehen arduraduna. Hari eta egitasmoaren beste sortzaileei aitortza egin diete, eta aurreneko urte haietan bizitakoak gogoratu dituzte.

Korrika gerturatu ahala, urduritasunak agertzen doaz?

Urduritasunik ez. Pozez bizi dut Korrika. Ardura bakarra aurretik izaten da, kilometroa non lotu behar dudan, baina dagoeneko urduritasunik ez.

Aurten non hartu behar duzu Korrika?

Joseba Camporen familiak eta nireak urtero erosten dugu kilometro bat. Joseba Korrikaren sortzaileetako bat izan zen, lagun handia. Eta baita Lourdes Artetxe emaztea ere, Korrikan inurri lana egiten oso trebea. Joseba eta Lourdes hil ziren, baina beren semeak eta alabak jarraitzen dute kilometroa egiten, eta aurten Donapaleuko (Nafarroa Beherea) sarreran izango dugu. Araian ere egongo naiz, Mutualiakook hartu dugun kilometroan  –Mutualiako presidentea da Errazti–, eta besteren batean ere bai.

Nola gogoratzen duzu 1980ko Korrika hura, lehendabizikoa?

Garai hartan, ni AEK-ko ekonomia arduraduna nintzen, eta horri lotuta Korrika arduraduna sei bat aldiz. Urduritasun askoko momentua gogoratzen dut, orduan bai. Kobentzituta geunden ondo bukatuko genuela, jende asko zegoelako inplikatuta, herri eta bilera ugaritan, euskara talde ugaritan, eta babesa bazegoen, baina zalantzak ere bagenituen. Bukatuko zela ziur bai, baina nola bukatuko zen ez genekien. Eta, zorionez, arrakastatsua izan zen.

Prestaketa lan handia izan zen, ezta?

Bai. Lehenengo, kanpainaren prestaketa. Korrika egitea erabaki arte, denbora bat eman genuen zer eta nola egin pentsatzen, aukera desberdinak mahai gainean aztertzen... Eta, gero, jendea konbentzitzen, batez ere AEK-ko jendea. Irakasleak eta ikasleak konbentzitu behar genituen Korrika egitea posible zela, pixkat burutik geundela pentsatzen zutelako.

Hauek nora doaz, pentsatuko zuten...

Bai, bai. Hori batek baino gehiagok pentsatu zuen. Baina egin genuen, bukatu genuen, eta ondo bukatu gainera. Geroztik ez da arazorik egon jendea konbentzitzeko.

Lasterketa handi bat egiteko ideia norena izan zen?

Ideia, nagusiki, Josepe Zuazorena izan zen. Talde bat bildu ginen, bost lagun, eta Zuazok ekarri zuen proposamen hori aukera bezala. Bilboko Club Deportivok egiten zuen Bizkaian zehar errelebo karrera bat, egun desberdinetan, orain batzuek Santiago bidea egiten duten moduan. Zerbait desberdina egin nahi genuen, horretaz konbentzituta geuden denok; ordura arte, eta gero ere bai, gehienetan kanpainak jendea biltzekoak izaten dira, Euskal Herri guztia deitu, baina leku jakin batera joateko. Eta gure ideia kontrakoa izan zen, kanpaina leku guztietara eramatea. Eta, ideia guztien artean, Josepek ekarri zuena gustatu zitzaigun, horrekin jarraitu genuen. Hasieran ez zen gau eta egun egitekoa, baina logistika horren zaila zela ikusirik, azkenean Korrika ez gelditzea erabaki genuen.

"Kariño handia diot bigarren Korrikari, boikota gainditu genuelako"

Nolakoa izan zen koordinazio lana?

Kontuan hartu ez zegoela telefono mugikorrik, ez GPSrik, eta ordenagailuak munstro handi batzuk zirela. Ez zen erraza Korrika jarraitzea. Gurutze Gorriaren laguntza izan genuen horretarako. Baimenak eskatzeko, jendearen segurtasuna bermatu behar genuen, eta Gurutze Gorriaren babesa izan genuen. Irratiz konektatuta zeuden beraien artean, eta, bide batez, guk ere horren bitartez egiten genuen jarraipena. Korrikaren bulego bat genuen, eta Gurutze Gorriko zenbait lagun ere izan ziren han txandak egiten, momentuan nondik zihoan edo arazorik bazen jakiteko lanean.

Baimenak eskatzerakoan, ez zenuten trabarik izan?

Ez dut gogoratzen traba handirik. Segurtasuna bermatu behar genuen, noski, eta poliziak ere izango zirela esan ziguten, baina haiek nahiko aurretik joatea negoziatu genuen. Baina ez traba gehiegirik. Uste dut hain zoroa zela ideia, trabak baino, kezka galderak zirela beraien partetik. Ezustean hartu genuen jende guztia.

Abestia ere azken momentuan...

Bai! Hori Josebari okurritu zitzaion. Baina asteartean bota zuen, eta Korrika ostiral arratsaldean ateratzen zen. Xabier Amurizarengana jo genuen, eta berak behin baino gehiagotan kontatu du egin dioten enkargurik zoroena izan dela. Nahiz eta bertsolaria izan zen, egun batetik bestera kanta bat prestatu behar zuen, ez da lan makala, eta egin zuen.

Korrikaren sortzaileei omenaldia egin zieten azaroan, Oñatin. A ARROITA/ AEK-KORRIKA

Mezuarekin ere izan zen nahasmena lehenengo Korrika hartan, ezta?

Lekukoan mezua sartzeko erabakia ere azken momentuko zerbait izan zen. Korrika Oñatitik atera zenean ez zeukan mezurik. Handik bi egunetara sartu zitzaion, lasterketan zihoala. Eta hor arazo bat izan genuen, lekukoak zulo bat zeukalako erdian; artelan bat zen, ez zegoen horretarako pentsatuta. Gerora, aldatu egin dugu lekukoa; berdina da, baina ez Remigio Mendiburuk egindakoa, Juan Gorritik egindakoa baizik. Kontua da azkenean ez zela Rikardo Arregiren mezua iritsi helmugara lehen Korrikan. Bigarrenean hori bera eraman genuen. Beti egin den moduan, mezuaren ostean AEK-k bere diskurtsoa bota zuen. Eta mezurik ez zegoenez, jendeak esaten zuen aldatu egin genuela mezua, baina ez zen halakorik gertatu. Ez zegoen mezurik. Hurrengoetan beti eraman dira kopiak, eta baita lekuko desberdinak ere, badaezpada. Hainbat kontra izan genituen orduan, zenbait egunkari eta alderdi, helburua gure mezua irakurtzea izan zela esanez, eta ez zen egia. Aitzakia horrekin, kanpaina bat egin zuten Korrikaren kontra, baina bigarrenean gainezka egin zuen babesak. Horregatik kariño handia diot bigarrenari; lehendabizikoari Korrika asmatu genuelako, baina bigarrenari boikota gainditu genuelako.

Espero zenuten Korrikak halako ibilbidea egitea?

Ez, ez genuen imajinatzen halako oihartzunik izango zuenik. Irudimena genuen, baina ez hainbesterako. Eta, gaur egun, hunkitu egiten nau ikusteak Korrika lekukoz lekuko aurrera doala eta bidean gazte ugari biltzen direla. Oraindik halako kalanbre bat sentitzen dut lekukoa hartzen dudanean, aurretik beste 23 Korrikatan milaka lagunek hartu dutela jakinda. Etorkizuna hor dago, gazteengan, korrika ondo egin dezaketen artean, ze nik nire kilometroa amaitu gabe utzi behar izaten dut [barrez].

Zer aldatu da lehen Korrika hartatik?

Orduan egiten genuen aldarrikapenari eusten diogu, euskaraz bizi nahi dugulako, eta oraindik euskarak oztopo ugari dituelako. Euskaldunagoa da gizartea gaur egun; ez beharbada euskaltzaleagoa, baina bai euskaldunagoa. Baina erabileran dugu arazoa, jende askok dakien arren, gutxi erabiltzen duelako. Korrika egun hauek ilusioa pizten dute, eta erabilera bultzatu, baina urte osora eraman behar da ilusio hori. Bidean oztopoak ere baditugu, eta ez gutxi. Besteak beste, maila judizialeko batzuk; botere judiziala da euskarak duen etsairik nagusienetako bat gaur egun. Nahi izan arren, euskaldun batek ezin du euskaraz bizi gaur egun. Egunerokoan ikusten dugu, ospitalean artatu behar zaituztenean, esate baterako... Eta Korrikak horren kontrako irakaspena uzten digu. Euskaraz bizi nahi dugula, eta presa daukagula. Amurizak esaten zuen moduan, "ez gero, orain baizik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago