ariana rac

"Euskarararen transmisioan lan gehien egin zutenak emakumeak izan ziren"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 20a

Ariana Rac eta MIkel Duran dokumentalaren egileak. Argazkia: ARABA LEHEN ALABA

Arabaren nortasuna eta euskararekiko lotura aztertzen ditu 'Araba lehen alaba' dokumentalak. Egunotan kuadrilla guztietan proiektatzen ari dira, aldundiaren bultzadari esker, Korrika Kulturalaren barruan.

Euskara lurraldera berriz ekarri zuen belaunaldiari ahotsa eman, eta "Arabako nortasuna" islatu nahi izan dituzte Ariana Rac artista plastikoak eta Mikel Sanchez Duran zinemagileak 2024an Gazte Sortzaileak beka irabazi zuen Araba lehen alaba dokumentalean. Korrika Kulturalaren bueltan hainbat herritan proiektatzen ari dira, eta publikoa emozionatu ere egin dela esan du Rac-ek.

Hainbat herritan proiektatzen ari da 'Araba lehen alaba' dokumentala egunotan. Zer erantzun jaso duzue?

Oso ona. Hasieratik ideia dokumentala kuadrilletara eramatea zen, eta orain aldundiaren laguntzari esker egiten ari gara, tourra aldundiak ordaindu du eta kuadrilletako euskara teknikarien laguntza izan dugu. Super ondo joan da. Dokumentalaren proiekzioaren ondoren solasalditxo bat egiten dugu, eta momentu hori superpolita izaten da. Aurreko egunean Laudion egon ginen, eta emakume bat pila bat emozionatu zen. Sentikortasun izugarria ikusi dugu solasaldietan.

Zer adierazi nahi izan duzue dokumentalaren bidez?

Gure ideia izan da Arabako identitatea, nortasuna adieraztea, eta baita ere zer nolako borroka egin den euskararen alde, guk gaur euskaraz mintzatu ahal izateko eta egunerokotasunean euskaraz lan egin ahal izateko zer nolako pausoak eman diren azaltzea. Hori erakusteko 64 eta 87 urte arteko lagunak elkarrizketatu ditugu, eta haien memorien bidez jaso dugu euskararen berreskurapena.

Sei emakumezko eta gizon bat agertzen dira dokumentalean. Rol garrantzitsua jokatu dute emakumezkoek euskararen transmisioan?

Guk ez genuen bilatu emakumeak ala gizonak izatea, baina azkenean aukeraketa prozesuan suertatu da emakume gehiago daudela gizonak baino; sei emakumezko eta gizon bat, hain zuzen. Azkenean uste dugu ariketa egin zutenak edo transmisioan lan gehien egin zutenak emakumeak izan zirela, ez soilik ikastoletan lan pilo bat eginez, baizik eta ariketa askotan edo herri mugimenduetan. 

Hurrengo proiektua Trebiñuri buruzko dokumentala da. Aurrera doa prozesua?

Gure ideia Arabako osotasuna erakustea da, eta dokumental bakar batean ezin genuen dena bildu, beraz trilogia bat egin nahi dugu. Bigarrena Trebiñuri buruzkoa izatea nahi dugu eta horretan gaude oraintxe, protagonistak eta gidoia prestatzen ari gara eta produkzioa bilatzen. Hirugarren dokumentalean, gazteen ahotsak jaso nahi ditugu, eta horrela adin ezberdinetako pertsonen memoria jaso, eta baita haien egunerokotasunean euskara erabiltzen ez dutenak baina euskararen mugimenduan edo euskal kulturan pare hartzen dutenak ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago