
Martxoaren 27an sartuko da Korrika Gasteizen, gaueko bederatziak aldera dena ondo bidean. Ordurako lurraldeko kuadrilla guztiak zeharkatu eta milaka herritarren bultzadaz ibiliko da euskararen aldeko ekimena. Astelehenean, Arabako Errioxa, Arabako Mendialdea eta Lautadako txokoak zeharkatu ostean, Araban sartuko da berriz ostegunarekin, Artziniegatik hain zuzen, 23:13ean, eta goizaldean zeharkatuko ditu Aiaraldeko herri nagusiak, Amurrio (00:47) eta Laudio (03:21). Bertatik Bizkaira sartuko da, eta ostiral eguerdian itzuliko da berriz Arabara.
Gorbeialdean, Gopegin, 12:49ean espero dute, 13:47ean Murgian eta 14:40ean Izarran. Añanako Kuadrillan lehen urratsa Kuartangon egingo du Korrikak, 15:52ean sartuko da Zuhatzu Kuartangon, eta bertatik Subilla Morillaserako norabidea hartuko du. Langraiz Okara 17:19ean iritsiko dira euskaltzaleak, eta hortik Argantzonera eta Trebiñura bidea jarraituko dute. Zaldiarango gaina igo eta gero sartuko sartuko da Korrika Gasteizen, eta auzo gehienak igaro ostean, Betoñutik aterako da eta hiriburua atzean utzita, gaua ondo sartuta iritsiko da Legutiora. Herria zeharkatu ostean, Debagoienera abiatuko da.
Euskara gara lelopean ibiliko den hamaika egunetan, 3.436 lekuko hartze izango dira 24. Korrikan zehar, eta 2.175 kilometro izango ditu ibilbideak. Aurten bereziki azpimarratu dute benetako lanketa eta konpromisoa behin Korrika igarota datorrela.
12. eguna
"Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak irauten duen 11 egunetatik harago joan behar dugu". Horregatik Korrikaren 12. Eguna ekimena abian jarri dute. Horren baitan 65 mintzodromo antolatuko ditu Korrikak maiatzaren 21ean, Euskal Herri luze zabalean. "Helburua ez da hutsala: maiatzaren 21a izan dadila Euskal Herrian euskara gehien hitz egingo den eguna". Halaber, euskara ikasten hasi nahi dutenak animatzeko, eskola bat doan eskainiko dute AEKko euskaltegiek apirilaren 22an.

