Ostegunean abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik (Zuberoa) Euskara gara lelopean, duela 40 urte leku beretik egin zuten moduan. 15:30ean hasiko da lasterketa erraldoia, baina 10:00etatik aurrera festa giroa nagusituko da herrian Korrika Ttipiarekin eta hainbat kultur emanaldirekin.
Hasiera ekitaldi ofiziala 15:00etan izango da Herriko plazan, AEK-ko kideek eta Oihana Larrandaburu euskaltzaleak gidatuta. Txalapartari eta dantzari zuberotarren laguntzaz, mezua lekukoan sartu eta 15:30ean ekingo diote bideari. Lehen kilometroa Euskal Irratiek korrituko dute, 1990eko hamarkadatik Iparraldean euskararen alde egiten duten lan ezinbestekoa aitortzeko.
Korrikak Nafarroa Behererantz jarraitzen duen bitartean, jaiak ez du etenik izango Zuberoan, baina Mauleko herri barneko aparkalekura lekualdatuko da. Bertan, arratsalde eta gau osoan zehar, kontzertuak -Utxaranga, Kuartz eta Frigo-, jatekoa eta edatekoa egongo dira herritarrentzat. Antolakuntzak azpimarratu du hilabeteetako auzolanari esker prestatu dutela harrera bero hau.
Egoera linguistikoari dagokionez, ekimen honek Zuberoako euskararen bizitasuna aldarrikatuko du. Nahiz eta egoera zaila izan, Korrikak erakutsi nahi du transmisioa ez dela eten eta euskaraz bizitzeko nahia oso indartsua dela eskualdean. Helburua, festa egiteaz gain, helduen aktibazio linguistikoa sustatzea eta herritarrak euskarara hurbiltzea da.
Logistikari dagokionez, autobusak eta aparkaleku bereziak antolatu dituzte bisitarientzat, eta Korrika igaro ostean Atharratzen gelditzeko eskatu dute 17:30ak arte, bideak ez kolapsatzeko. Ekitaldi osoa zuzenean jarraitu ahal izango da hedabide ezberdinen bidez, baita ALEAren bitartez ere, eta Korrika aplikazioaren bitartez.

