Hamar egun baino ez dira falta 24. Korrikari hasiera emateko, eta Arabako bi eragile nagusik euren arteko lankidetza berretsi dute. AEK-k eta ALEA hedabideak kolaborazio hitzarmen bat sinatu dute, aurtengo Korrika ere lurraldeko txoko guztietara iritsi dadin, Euskara gara leloari oihartzun berezia emanez Araban.
Elkarlan honen helburu nagusia euskararen mezuak lurralde osoan presentzia irabaztea da. Alde batetik, AEK-k Korrikaren antolakuntza eta euskalduntzearen motorra martxan jartzen duen bitartean, ALEAk bozgorailu lana egingo du, Arabako kilometro, lekuko eramaile eta jai giroaren jarraipen zehatza eskainiz.
Hala, publizitatea, zozketak, Korrikaren mapa, herri ekimenaren aldeko aldizkari berezia edo AEKren matrikulazio kanpaina jaso ditu hitzarmen horrek. AEK-k ALEA ezagutaraziko du bere ikasleen artean, eta ALEAk, berriz, AEKren edukiak zabaltzen jarraituko du.
2673. kilometroa
Aurtengo kilometroari dagokionez, zuzeneko jarraipenaz gain, aurreko edizioan egin zuen puntu berdinean egingo du ALEAk bere kilometroa, Lazarraga eta GEU elkarteekin batera: Posta kaleko 2. zenbakian, Gasteizko Udalaren eskutik jasoko dute lekukoa, eta, jarraian, Hala Bedi irratia eta Gasteizko Gaztetxeari emango diote.

