Korrikaren 24. edizioa gero eta gertuago dago, 24 egun falta dira zehazki, eta Araban jada martxan jarri da Korrika Kulturalaren egitaraua. Martxoaren 27ra bitartean, hiriburuko hainbat areto, taberna, gizarte etxe eta auzo izango dira euskarazko kultur jardueren topagune. Helburu argi batekin guztia, lekukoa iritsi aurretik ere hiria euskaraz biziaraztea.
Hiru egunetan igaroko da Korrika Arabatik, martxoaren 23an, 26an eta 27an. Hemen ikus daiteke herrialdean zehar egingo duen ibilbide zehatza. Giroa berotzen joateko, hainbat eragilek kultur eskaintza oparoa prestatu dute, musika, antzerkia, dokumentalak, bertsolaritza, tailerrak eta jai giroko ekimenak uztartuz.
Araba osoan zehar antolatu dira ekimenak. Esaterako, ostegun honetan, otsailak 26, Marratik At! taldearen eskutik Sorkuntza tailerra egingo dute Artziniegako kultur etxean, 17:45ean. Trebiñun ere izango du isla korrika kulturalak, noski. Martxoaren 1erako Pulcinella txio-txinela titere antzerkia antolatu dute Burgetan, 12:00etan. Herriz herri iragarriko dira korrikaren baitan prestatu diren ekimenak. Hiriburukoak bildu ditugu hemen.
Gasteiz
Otsailak 25 - Interview, urez eta hondarrez, Telmo Iruretarekin, Hegoalde Gizarte Etxean.
Martxoak 1 - Voyage Voyage antzezlana, Baratza Aretoan.
Martxoak 6 - Bertso Afaria, Paula Amilburu, Xabi Antia, Eli Zaldua, Amaia Iturriotz eta Ekaitz Samaniegorekin, Errekaleor Auzo Askean.
Martxoak 10 - HAN, Parral tabernan.
Martxoak 11 - Sorgina, banaiz dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Asisko Urmenetarekin, Izaskun Arrue Kulturgunean.
Martxoak 15 - Korrika Jaia: Amama irrifarreen ondarea antzezlana, Odon de Apraiz Ikastolan.
Martxoak 18 - Workafea M3 50. urteurrenaren harira, Iparralde Gizarte Etxean.
Martxoak 24 - Isiltasunaren Kartografia, Odei Arregiren ahozko narrazioa, Aldabe Gizarte Etxean.
Martxoak 25 - Mintzodromoa GEU elkartearekin, IAKn.
Martxoaren 27an, Korrika Gasteiztik igaroko dela baliatuz, Korrikaurre eta Korrikoste festak egingo dira. Lehena, DJ Malandro eta DJ Eromenarekin, Izaskun Arrue Kulturgunean. Bigarrena, gauerditik aurrera, Jimmy Jazz aretoan, Vulpinax, DJ Urba, Wary eta Papatraumarekin.