ruth perez eta ainara sagarzazu

"Haurrentzat arreta sare egonkorra sortu ordez, murrizten ari dira"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 7a

Ainara Sagarzazu eta Ruth Perez Sortulekun hezitzaileak dira. Argazkia: E.UGARTE

Abiatuz eta Ondoan izeneko programak martxan jartzearekin batera, haurrak eta amak artatzeko bi zerbitzu –Hazten eta Sortuleku– etengo ditu Gizarte Ongizate sailak premiarik ez omen dagoelako. Langileek salatu dute lan baldintza kaskarragoetan eta baliabide gutxiagorekin jarriko direla martxan zerbitzu berriak.

Ruth Perez (Gasteiz, 1986) eta Ainara Sagarzazu (Hondarribia, 1983) hezitzaileak dira amak hartzeko foru sareko Sortuleku proiektuan, eta Beti Gizartean Fundazioaren enpresa batzordeko kideak. Arabako Diputazioaren Gizarte Ongizateko sailaren menpe dago fundazioa, eta bi baliabide kudeatzen ditu: Hazten, 7 eta 14 urte bitarteko adingabeak hartzeko etxea, eta Sortuleku, seme-alabak zaurgarritasun egoeran dituzten edo haurdun dauden amentzako baliabidea. Diputazioak Hazten zerbitzua desagerrarazteko plana du, eta Sortuleku Gasteiztik Izarrara lekuldatuko du, Ondoan izeneko zerbitzuarekin ordezkatuz. Bi zerbitzuetako langileak, berriz, beste proiektu batean subrogatuko nahi dituzte. Mobilizazioak hasi dituzte langileek erabakiaren kontra. Perezek eta Sagarzazuk azaldu dutenez, aldaketa horien atzean haurrak artatzeko foru sarearen gaitasun falta dago, gaindituta dagoelako. "Tetris bat egiten ari dira plaza faltari aurre egiteko, zerbitzu batzuen ordez beste batzuk sortzen dituzte". 

 

Mobilizazioak hasi dituzue Sortuleku eta Hazten zerbitzuetako langileek. Zergatik?

Ruth Perez: Sortuleku 2008tik martxan dagoen zerbitzua da, eta Hazten, berriz, 2013tik. Bi zerbitzuek eraikin bat partekatzen dugu Ariznabarra auzoan. Aldundiaren Gizarte Politiketako sailak Abiatuz programa abian jartzea aurreikusi du, hamahiru plaza dituen aurreemantzipazioko baliabide berria, 14 urtetik gorako gazteentzat. Proiektu hau gaur egun Hazten eta Sortuleku enpresek okupatzen duten eraikinean kokatzea aurreikusi dute. Horren ondorioz Hazten zerbitzua desagertu egingo litzateke, eta horrekin batera zortzi plaza; Sortuleku, berriz, Izarrara eraman nahi dute Ondoan izeneko programarekin ordezkatuz. Hazten eta Sortulekuko langileak Abiatuzen subrogatuko gintuzkete, baina ez gaude ados.

"Haurtzaroan, amatasunean eta genero indarkerian espezializatuta dagoen lantalde bat desegiten ari dira"

Zenbat langile zaudete orain bi zerbitzu horietan?

R.P.: Zazpi gaude Sortulekun eta hamahiru  Haztenen.

Nola funtzionatu dute orain arte Haztenek eta Sortulekuk?

Ainara Sagarzazu: 2008tik eraikin berean hiru etxebizitza zeuden Sortulekura zuzenduta. Etxebizitzetako bat bulegoa zen, eta beste biak Sortuleku, eta bertan emakumeak eta haien seme-alabak bakarrik artatzen genituen. Alta, 2013an, Hazten adingabeen etxe gisa sortu zenean, bi pisu horiek erdibitu egin zituzten, Sortulekurako espazio txikiena geratu zen, eta espazio handiena Hazten programarako egokitu zuten. Hor hasi ziren lehen arazoak, batez ere Sortulekun lekurik gabe geratu ginelako. Seme-alabak dituzten emakumeak oso baldintza eskasetan artatu behar ditugu gaur egun, oso gela txikiak direlako, dutxa duen bainugela batekin bakarrik geratu garelako, eta abar. Horregatik beste instalazio batera eraman gintzaten eskatzen hasi ginen langileak, tokia txikia zelako.

R.P.: 2023an, Sortuleku proiektua Izarrara lekualdatzea proposatu zuen diputazioak. Bertan baliabidea handitu zitekeen plaza gehiago jarrita, eta umeak zituzten aitak ere sar zitezkeen, amak bakarrik sartu beharrean. Guri zoragarria iruditu zitzaigun, baina zer gertatu zen? Fundazioarekin eta aldundiarekin kontratuaren aldaketak negoziatzen saiatzen hasi ginela eta ez zutela onartu.

"Salaketa areagotu eta aldundiaren erantzukizuna argi utzi nahi dugu"

Lan baldintzak aldatzen ari ziren ala?

A.S.: Esku hartzea desberdina izango zen Izarran. Baldintzak asko aldatzen zituzten, egunero furgoneta bat hartu behar genuen Gasteiztik joateko, plaza kopuruak ere gora egiten zuen, eta proiektuaren barruko helburuak ere aldatzen zituzten. Lantaldearen asmoa hori guztia negoziatzea zen, baina horma batekin egin genuen topo, ez zuten onartzen baldintzak aldatzen zirela bai langileentzat zein erabiltzaileentzat, eta ezin izan genuen ezer negoziatu fundazioarekin. Beraz, lantaldeak erabaki zuen LAB sindikatuaren bitartez salaketa bat jartzea epaitegietan langileen baldintzak aldatzeagatik. Orduan aldundiak dena geldiarazi zuen eta esan zuen ez ginela lekualdatuko.

Beraz, gaur gaurkoz Sortuleku eta Hazten etxebizitza berean daude, Gasteizen.

R.P.: Bai, baina oraindik gehiago zaildu da dena. Iaz aldi baterako eraman gintuzten Ehariko etxebizitza batera, Abiatuz izeneko etorkizuneko proiekturako egokitu behar zutelako etxebizitza. Irailean, obra egin ondoren, lizitazioak ebatzi ez zirenez berriro eraikin berdinera bidali gintuzten. Eraikin hori gune bakarra bihurtu dute, eta zerikusirik ez duten bi kolektiboak dena partekatzera behartuta gaude, sukaldea, garbitegia, despentsa… Azken hilabeteetan gazteek bizitzea ez dagozkien amen egoerak bizi behar izan dituzte, tartean ama bati umea kentzea, eta amek ere gazteen gatazkak bizi behar izaten dituzte. Ez da onargarria.

Abiatuzekin Hazten desagertuko dela salatu duzue.

A.S.: Araban itxaron zerrenda oso handia dago adingabeen egoitza sarean, eta aurreemantzipazio zerbitzua beharrezkoa da sarea desblokeatzeko. Abiatuz programarekin hamahiru plaza sortuko dira, ez dira plaza asko baina sistema arinduko dute. Arazoa da hori egiteko Hazteneko plazak ezabatzen dituztela eta zortzi plaza dituen zerbitzu bat ixten dutela programaren beharra egon arren. Ez du zentzurik. Abiatuz programa beharrezkoa da, Gasteizen aurreemantzipazioko etxebizitza bakarra dagoelako eta beste pisu bat behar delako, baina ez Hazten itxiz.

Nora doaz Hazteneko pisuan gaur dauden gazteak?

A.S.: Dagoeneko gainezka dauden beste etxe batzuetara bidaliko dituzte. Haurrak artatzeko foru zerbitzua gainezka dago. Harrera sare osoa gainezka dago duela denbora asko. Adibide bat jarriko dizut: Sortuleku familiak babesteko proiektu bat da. Helburua amek eta seme-alabek beren bizitzarekin aurrera egitea da, edo ama une batean ez badago prestatuta seme-alaba behar bezala zaintzeko, ama eta txikia banatzea. Guk bizi izan ditugu egoerak non amari haurra kentzea planteatu den eta urtebete itxaron behar izan dugun harrera sarea gainezka zegoelako, haurra nora eraman ez zegoelako. Denbora horretan sistema barruan babesik gabe egon da haur txiki bat; nahiz eta gurekin egon, bere amaren aldetik babesik gabe egon da.

Aldundiaren aldetik ez al da nahikoa baliabide jartzen haurren eta amen arreta egiteko?

A.S.: Zerbitzu batzuk beste batzuekin ordezkatzen dituzte. Tetris bat egiten ari dira etengabe: "ume hau hemen sartzen dugu eta orduan neska hau hemendik ateratzen dugu"… Ez dute pentsatzen atzean dagoen guztian, lekuz mugitzen ari zaren haurrarentzat zer suposatzen duen horrek, leku berrian norekin bizi beharko duen, beste modu batean funtzionatzen ari den hezkuntza taldea dagoela, zerikusirik ez duen profil bat sartzen dela, protokolorik ez dagoela…. Hori beraiei berdin zaie. Gabonetan, adibidez, Haztenen pisuan larrialdiko bi haur sartu zituzten larrialdietako baliabideetan lekurik ez zegoelako. Hazten ez dago larrialdiak artatzeko prestatuta, egoera izugarria izan da baina aldundikoei berdin zaie, esaten dizuten gauza bakarra da ez zela haien asmoa hori Gabonetan gertatzea. Non daude larrialdiko baliabideak? Gainezka daude.

R.P.: Langileak eta erabiltzaileak zenbakiak gara, eta deskuidatzen bazara dirua. Behar dena da arreta sare egonkor bat. Nik uste dut oso pozik daudela baliabideak bateratzeko pisuan egin duten obrarekin, eta fokalizatuta daude Hazteneko zortzi plazak aurreemantzipaziora birmoldatzen, hor premia dagoelako. Hazten 2013an sortu zen premia bat zegoelako. Sortulekuk plaza gehiago zituen, baina erdira baino gutxiagora murriztu zen une horretako beharra haurrak zirelako. Orain Hazten itxiko dute aurreemantzipazioan premia dagoelako. Arreta sare iraunkor bat sortu beharrean, daukatena murrizten ari dira.

Sortuleku ere desagertu egingo dela salatu duzue.

A.S.: Sortulekuko langileok 2023tik gaude gurekin zer gertatuko den jakin gabe, Izarrara egindako ustezko lekualdaketa airean geratu zenetik. Iaz Ondoan izeneko proiektu berri bat lizitatu zuen aldundiak. "Proiektu esperimentala" bezala aurkeztu zuten, baina funtsean Sortulekuren jarraipena da, desberdintasun bakar batekin: Sortulekuko hezkuntza taldeak ez duela Ondoan programan jarraituko. Erabaki horrekin aldundia tranpa egiten ari da, proiektu esperimental bat dagoela asmatzen ari da, proiektu baten jarraipena denean.

R.P.: Hamar urte baino gehiago daramagu Sortulekun lanean, eta erditik kendu nahi gaituzte kontratuan funtsezko aldaketa bat dagoela ez onartzeko. 


Beraz, Sortulekuko langileek ez duzue Ondoanen jarraituko?

A.S.: Ez. Ondoan sortzen dute Izarran, baina Sortulekuko langileak ez dituzte hor subrogatzen, Abiatuzen baizik. Gure ustez zigorra da, tranpa egitea da, 2023an salaketa jarri zuen hezkuntza taldea ez subrogatzeko.

R.P.: Haurtzaroan, amatasunean eta genero indarkerian espezializatuta dagoen lantalde bat desegiten ari dira, profil berdinarekin jende berria kontratatzeko Ondoanen. Ez du inolako zentzurik langileak berriro kontratatzeak proiektu horretan prestatutako talde bat dagoenean. Ez duzue ulertzen zenbat lan egin dugun? Nola inplikatu garen? Zenbat borrokatu dugun proiektuaren alde? Orain bat-batean desagerrarazi nahi duzu?, Zergatik? Gatazka kolektibo bat egon delako.

Noiz jarriko da martxan Ondoan?

R.P.: Ez dakigu. Une honetan lizitazioa irekita dago, eta dakiguna da Sevillako enpresa bat aurkeztu dela. Otsailaren 4an amaitzen da lizitaziora aurkezteko epea.

Urtarrilaren 20an Gorka Urtaran Gizarte Ongizateko diputatuarekin bildu zineten. Zer esan zuen?

R.P.: Urtaranek dio dagoeneko erabakia hartuta dagoela eta ez dagoela atzera bueltarik, ez dela iraganera begiratu beharrik, gu Abiatuzen subrogatuta gaudela.

A.S.: Haiek denbora guztian daude esaten kontu pertsonala dela, Urtaranek aurpegiratu digu gure kapritxo bat dela, gugatik bakarrik begiratzen dugula eta ez gaudela kolektibotik begiratzen. Gezurra da hori. Guk dagozkigun eskubideei begiratzen diegu eta etxean daudenei ere begiratzen diegu. Ez dute horrelako traturik merezi. Badakigu zer egiten ari garen, zer lan dugun eta erabateko konpromisoa dugu lanarekin, baina ez gure eskubideen ukazioan oinarrituz. Ondoan proiektu esperimentala dela esatea Sortuleku inoiz existitu ez balitz bezala... Tira, urte hauetan 53 emakume artatu ditugu! Ez da bidezkoa, errotuta gauden proiektuan subrogatzea dagokigu.

"Sistema barruan haur txikiak babesik gabe egon dira zerbitzua gainezka dagoelako"

Gaurko lan baldintzak mantenduko dira Abiatuzen?

R.P.: Ez dakigu. Abiatuzen, nahiz eta leku berean geratu, egutegiak gutxienez aldatu egingo dira, askoz ere plantilla handiagoa garelako. Horrek lan baldintzen aldaketa dakar. Hori argi eta garbi esan genion Urtarani, izan genuen bilera hartan, ez dezatela pentsa toki berean uzten gaituztelako ez dugula gure eskubideen alde borrokatuko. Gainera, Sortulekuko lantaldea Ondoan zerbitzura subrogatzea onartzen ez badute, bide judizialetik jotzea ere aztertzen ari gara LAB sindikatuarekin, baina lizitazioa atera arte itxarongo dugu.

A.S.: Gure erantzukizuna da agerian uztea gauzak ez direla ondo egiten ari; ez orain, duela denbora asko baizik. Horregatik mobilizazioekin topera jarraituko dugu. Hiru orduko lanuzteak egingo ditugu hilaren 12, 19, 25 eta 26an. Oso ondo antolatutako lanuzteak dira, baliabideak inola ere zintzilik gera ez daitezen, eta adingabeak zaindu gabe gera ez daitezen. Baina salaketa areagotu eta Gizarte Ongizate sailaren erantzukizuna argi utzi nahi dugu. 

Erlazionatuak

Haur gehiago plazak baino

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute ots 07, 09:00 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago