Haur gehiago plazak baino

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 7a

Umeak jolasten. Argazkia: KIREYONOK_YULIYA

Larrialdietara bideratutako programak izan ziren sisteman gehien tenkatu zirenak. 79 plazarekin 86 adingabe artatu zituzten 2024 urtearen amaieran,

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) haurren eta amen harrerako sistemak gaindituta itxi zuen 2024. urtea, batez ere larrialdietako eta emantzipazioko baliabideetan. 
GOFEren 2024ko Jarduera Memoriaren arabera, sistema osoak 272 plaza ditu, programa orokorren eta espezializatuen artean banatuta. Hala ere, zenbait funtsezko programak aurreikusi baino adingabe gehiago artatu zituzten, gehiegizko okupazio edo gainokupazio egoeraren eraginez.

Larrialdietara bideratutako programak izan ziren sisteman gehien tenkatu zirenak. 79 plazarekin 86 adingabe artatu zituzten urtearen amaieran, hau da, %109ko okupazioa. Eremu horretako zentro guztiek gainditu zuten beren edukiera.

Hazaldi zentroa 0 eta 3 urte bitarteko adingabeentzat da, eta 24 adingaberekin itxi zuen urtea, 22 plaza dituenean (%109); Ibaia, berriz, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat, %107ra iritsi zen. Presiorik handiena inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrei zuzendutako Bideberria 0 eta I baliabideetan erregistratu zen, %110eko okupazioarekin.

Emantzipazio eta aurreemantzipazio programek ere, autonomia prozesuan dauden 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, muga-mugan funtzionatu zuten. 44 plazetan 46 gazteri eman zitzaien arreta, eta okupazioa %105era igo zen. Adingabe atzerritarrei zuzendutako Bideberria III-k, berriz, nabarmen gainditu zuen bere edukiera, %117ko okupazioarekin, sistema osoko ehunekorik handiena.

Aitzitik, 4 eta 18 urte bitarteko adingabeei arreta integrala eskaintzen dien programak egoera egonkorragoa izan zuen. 72 plazarekin, 70 adingabe artatu ziren, hau da, %97ko okupazioa. Programa hori zeharkako kudeaketakoa da gehienbat, zortzi etxetik zazpi hirugarren sektoreko erakundeek kudeatzen baitituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago