Papera jasotzeko zerbitzua hobetzeko edo kuadrillen esku uzteko eskatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 22a

Aldundiaren aurrean agerraldia egin dute alkateek. Argazkia: EH BILDU

Lautadako, Mendialdeko eta Gorbeialdeko kuadrillek eta 18 udalek salatu dute papera eta kartoia jasotzeko zerbitzuak nabarmen egin duela okerrera.

Arabako hiru kuadrilletako ordezkariek eta herrialde osoko hamazortzi udaletakoek agerraldia egin dute asteazken honetan Gasteizko Probintzia plazan, aldundiaren aurrean. Herrialdean papera eta kartoia biltzeko zerbitzua gero eta urriagoa dela salatu dute eta azken hilabeteetan, gainera, okerrera egin duela.

Bi urte eta erdi luze irauten duen arazoa zuzentzeko neurriak exijitu dizkiote zerbitzua zuzentzeko ardura duen Arabako Foru Aldundiari. Bestela, deszentralizazio prozesu bat hasteko galdegin dute ordezkari instituzionalek, eta zerbitzua kuadrillen esku uzteko. Agerraldian izan dira, besteak beste, Urkabustaiz, Oion, Agurain, Dulantzi, Artziniega, Asparrena edo Erriberabeitiko alkateak eta Lautadako, Mendialdeko eta Gorbeialdeko kuadrilletako lehendakariak.

Agerraldian azaldu dute herritarren kexak jasotzen ari direla egunero zerbitzuaren esleipendunak ez duelako lana behar bezala egiten eta papera eta kartoia pilatuta dagoelako edukiontzien inguruan. "Sarritan udalek baliabide propioak erabiltzen dituzte edukiontziak garbitzeko eta lurrean uzten diren kartoiak jasotzeko", esan dute.

Gaineratu dutenez, aldundiari informazioa eskatu arren, Arabako udalek gaur gaurkoz ez dakite zer maiztasun, egun eta zonaldetan garatuko den zerbitzua, "Arabako Foru Aldundiak ez digulako inolako informaziorik helarazten", kritikatu dute.

"Arazo puntualak"

Alkateekin izandako bilera batean, Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatuak ukatu du arazoa dagoenik eta ziurtatu du kexak noizbehinkako arazoengatik izaten direla. Alkateei azaldu die diputatuak datozen hilabeteetan zerbitzua hobetu egingo dela, edukiontzi eta biltzeko kamioi berriak iritsiko direlako.

Alta, alkateen esanetan, "promesa horiek abuztuan ere egin zituzten eta sei hilabete pasa ostean ez dira bete". "Zeintzuk dira Foru Aldundiak promesa hauek betetzeko jarriko dituen bermeak?", galdetu dute alkateek.

Udalekin elkarrizketa arin eta iraunkorra izan dezala eskatu dute alkateek, zerbitzuaren egoerari eta garapenari buruzko informazio eguneratua emateko.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago