Bi urte eskasetan argi geratu dira papera eta kartoiaren bilketaz eta kudeaketaz arduratzen den Daorje SLU enpresaren zerbitzuaren defizitak. Hainbesteraino, non aldundiak hamar urterako zuen kontratua etetea erabaki baitu, udalen eta kuadrillen adostasunarekin. Bigarren enpresa bati kontratua "lagatzen" saiatzen ari da aldundia, arazoa ahal den arinen konpontzeko.
Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren foru diputatuak azaldu duenez, denbora horretan zenbait zigor espediente ireki dizkio aldundiak enpresari eta eman ez duten zerbitzuagatiko fakturak ere erregularizatu ditu. "Prozesu honekin, gaur egun jarraitzen dugu, jaso ez den guztia ordaintzeari utziz", argitu du Zaratek.
Ez bilketarik ez mediorik
2023ko ekainean hasi zen Daorje papera eta kartoia jasotzeko zerbitzua ematen Araba osoan Gasteizen izan ezik, 10.450.000 euroko kontratua sinatuta. Arazoak berehala hasi ziren agertzen Zaratek aitortu duenez. "2024ko urtarrilean hasi ziren kontratuaren lehen urratzeak". Enpresak garai hartan gertatu zen material krisi orokorraren ondoriozko hornidura arazo bat aipatu zuen baita lan gatazka bat ere. "Aldi berean, sailean hasi ginen bilketa zerbitzuan hutsuneak atzematen, eta udalek eta kuadrillek ere urratzeak, jaso gabeko ibilbideak, maiztasun jaitsierak eta abar atzeman zituzten".
Langileen greba amaitu ondoren, iazko abuztuan, enpresak aldundiarekin konpromisoa hartu zuen zerbitzua behar bezala emateko eta azpiegitura berriak (edukiontziak eta kamioiak) ezartzeko, eta modu horretan, irailean eta urrian zerbitzua hobetu egin zen. Alta, berehala hasi ziren berriro arazoak herrietako bilketarekin eta enpresak agindutako edukiontzi berriak eta kamioak ez zirelako inondik agertu.
Kontratuaren lagapena
Gauzak horrela, kuadrillen eta udalekin hainbat bilera egin ostean eta neurriak behin adostu eta gero, Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren sailak kontratua eteteko espedientea ireki du, eta beste alde batetik kontratua lagatzeko bidea aztertzen ari da. "Kontratuaren lagapena aurrera ateratzea espero dugu, guretzat biderik arinena eta onena izan daitekeelako lurralde osorako". Zaratek azaldu duen bezala, oraingo kontratuak aurreikusten du bi urtera lagapen bat egin dakiokeela beste enpresa bati, bigarren enpresa batek zerbitzua eman dezan, "eta badago enpresa bat lagapen hori bere gain hartu nahi duena".
Diputatuaren arabera, lagapenaren bitartez prozesu guztia arinduko litzateke, kontratua etetea korapilatsua eta luzea baita."Kontratua amaitzea prozesu luzea eta konplexua dela jakinda, enpresarekin jarraitu behar dugu lanean ebazpen hori ebatzi arte eta zerbitzua berriro lizitatu arte. Beraz, prozesua luzea izango zen, eta hilabete askotako lana ekarriko zuen".
Kuadrillen eskumena
Bestalde, aspaldiko asmoa da papera eta kartoiaren bilketaren zerbitzua aldundiak beharrean kuadrillek hartzea eta horretan ari dira lanean aldundiarekin. Dena den, prozesu hori atzeratuko dute momentuz egoera zuzendu arte eta kuadrilla bakoitzak bilketa hori egiteko baliabideak aztertzeko aukera izan dezan.
Hainbat bilera egin ondoren eta kuadrillen egoerak aztertu ondoren, gehienek zerbitzu horretaz berehala arduratzeko zailtasunak dituztela azaldu du Zarate diputatuak. "Beraz, denen artean erabaki da Arabako Foru Aldundiak zerbitzu hori eskaini egingo zuela, bere eraginkortasuna hobetu arte eta kuadrillei zerbitzua emateko eskumena lantzeko denbora emanez", esan du.