Garbialdi enpresa hasi da kartoiaren eta paperaren bilketa zerbitzua eskaintzen herrialde osoan, Daorje enpresaren ordez. Arabako Foru Aldundiak Daorje SLU enpresarekin hamar urterako zuen kontratua etetea erabaki zuen uztailean, udalen eta kuadrillen adostasunarekin.
Modu horretan arazoa ahal den arinen konpontzea espero du aldundiak, eta herrialde osoan edukiontzietan pilatu diren milaka kilo kartoi eta paper jasotzea.
Horrela, Garbialdik datozen zortzi urteetan zerbitzuaren ardura hartuko du. Enpresa berriak ez du soilik paper eta kartoiaren bilketa zuzena bermatu beharko, baita beharrezko baliabide materialak —ontziak eta kamioiak— berritu ere, zerbitzua modu eraginkor eta automatizatuan kudeatzeko.
Paper eta kartoiaren bilketa zerbitzua
Zerbitzuak honako hauek hartzen ditu barne: enpresa esleipendunaren instalazioetan, pisatzeko baskula duen azpiegiturarekin, bilketa eta kudeaketa; ontziak jartzea; mantentze-lanak eta konpontzeak; eta, oro har, zerbitzuari atxikitako baliabide guztiak.
Garbialdik, halaber, urtero karakterizazioak egin beharko ditu edukiontzi sarearen bidez jasotako paper eta kartoiaren gainean, jarraipen txostenak igorri, edukiontzien eta ibilgailuen ibilbideen inbentario erregistro eguneratua mantendu, eta ibilgailuak lokalizazio gailuekin hornitu beharko ditu.
Datozen hilabeteetan, gaur egun zerbitzu honi atxikita dauden 1.080 edukiontzi (bi kako dituen goiko karga sistemadunak) aldatu egingo dira: hemendik aurrera karga bertikaleko edukiontzi automatizatu eta bi aldeetatik erabilgarriak jarriko dira, bilketa sistema modernizatu eta zerbitzua efizienteago eta iraunkorrago bihurtzeko.