Gau Beltzaren gida txikia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 30a

Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzen dute Araba osoan.

Urriaren amaieran, Arabako hainbat udalerritan Gau Beltza edo Arimen Gaua egingo dute, herri tradizioak berpiztuz, eta haur eta familientzako kultur jarduerak antolatuz.

Urriaren 31ren bueltan, urtero lez, Gau Beltza edo Arimen Gaua itzuliko da Arabako herri eta auzoetara. Euskararen bultzada eta tradizio zaharra berreskuratzeko ahalegina ditu bere erdian festak. Gau Beltza edo Arimen Gaua ez da egun eta formatu bakarreko jaialdi bat; Araban udalerri bakoitzak bere formularekin antolatzen du: mozorro lehiaketak, kalabaza tailerrak, ipuin kontaketak eta gazte ekitaldiak izaten dira sarri.

Gainera, herrietako elkarteen eskutik antolatzen denez, modu herrikoian garatzen ari da festa azken urteetan, herritarren parte hartzea sustatuz. Hein handi batean, familiarentzako jaia bilakatu da Gau Beltza, eta Halloween bezalako kanpoko tradizioarekin lotutako ekintzak nahastu ditu Euskal Herriko tradizioarenak diren beste batzuekin.

Gasteizko hainbat auzotan, Zabalganean, Salburuan, Alde Zaharrean, Goikolarran eta Ibailakuan, adibidez, tailerrak, kantu eskeak, ipuin kontaketak eta mozorroen kalejira antolatu dituzte ostiral arratsaldean.

Bestalde, Gasteiz On merkatarien elkarteak Bizi Gau Beltza ekimena martxan jarri du, urriaren 27tik azaroaren 2ra bitartean. Hiriko merkatariek ere bat egingo dute ospakizunarekin, erakusleihoak atonduz, denda eta tabernetako tailerrekin, mozorro lehiaketekin, zozketekin eta Saria edo Ziria jokoarekin.

Zabalgana auzoa izango da kanpainaren protagonista nagusietako bat, eta bi jarduera nagusi izango ditu: Erakusleiho Beldurgarrien Lehiaketa eta Saria edo Ziria jokoa. Urriaren 27tik azaroaren 2ra, Zabalgana auzoko saltokiek beldurrezko dekorazioak erakutsiko dituzte, eta edonork bozkatu ahal izango du bere erakusleiho gogokoena. Hala, Gasteizko Txartel Oparien zozketan parte hartu ahal izango du. Urriaren 31n, bestetik, auzoko denda, taberna eta zerbitzuek Saria edo Ziria jokoarekin bat egingo dute, eta txikienak mozorrotutako dendetara joan ahalko dira gozokien bila.

Laudion, jai herrikoia

Aiaraldean berriz, Laudion, euskal ospakizun tradizionala berreskuratu eta urriaren 31ko arratsalderako egitaraua prestatzeko hainbat eragile elkartu dira "Gau Beltza jai herrikoi bihurtzeko asmoz": Aiaraldea Ekintzen Faktoria-Kokoriko, Basalarrina, Kirikino aisialdi taldea, Lamuza eskolako guraso elkartea, Latiorro ikastetxeko guraso elkartea, Laudio Ikastola eta Sorginlarren. Denen artean prestatu dute egitarau berezia, eta euskal mozorro tradizionala janztea sarituko dutela aurreratu dute. 

Okondon, Aiaran, Amurrion eta Artziniegan ere ospatuko dute Arimen Gaua, eta baita Arabako beste udalerrietan ere: Zuian, Zigoitin, Agurainen edo Iruña Okan kasu.  

Gau Beltzaren hitzordu guztiak EUSKARAREN AGENDAn aurkituko dituzue

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago