Josu Ozaita

"Euskaraz ondo pasatzeko aukera eskaintzen du Gau Beltzak"

Erabiltzailearen aurpegia Joni Ubeda 2024ko urr. 30a, 13:32

Gau Beltzaren inguruko ikerketa lana egin du Josu Ozaitak. Argazkia: Ttap aldizkaria.

Euskal Herriko mapari begira jarrita, Gau Beltza ospatzen den udalerrien kopurua esponentzialki hazten ari da. Ohitura zaharra ikertzeari ekin zion Ozaitak, eta duela lau urte ipuina argitaratu zuen. 

Urria iritsita, herriz herri ibili ohi da Ozaita ospakizunaren nondik norakoak azaltzen. Interes bizia nabari du.

'Gau Beltza' liburuaren egilea zara, Joseba Larratxerekin batera, Txalapartak 2020an argitara eman zuena. Orduko hartan irudikatzen zenuen liburuak eta ospakizunak halako soka izango zutela?

Horren aurrekoa da Itzalitako kalabazaren berpiztea, Jaime Altunarekin batera egin nuen ikerketa etnografikoa. Oinarri guztia, mami guztia, hor bildu genuen, eta, egindako ikerketa haurrei eskaintzeko asmoz, ipuina idaztea erabaki nuen.

Eta espero zenuen gero horrelako soka izatea gaiak?

Ez. 2016an egin genuen ikerketa, duela zortzi urte. Antropologoa naiz eta antropologian teknika inportanteena da bertan egotea, behaketa parte-hartzailea egitea, herrietan ibiltzea. Orduan oso festa gutxi zeuden. Bazen Arimen Gaua Elgetan, Bergaran eta Oiartzunen. Baina ez ziren asko. Urtetik urtera gehiago zabaltzen ari da; indar handiarekin, gainera. Aurten loraldi are handiagoa biziko dugulakoan nago.

Oro har, batetik bestera zein da entzuleek gehien egiten dizuten galdera?

Haurren kasuan, eurentzat oso erakargarria da, Gau Beltzak elementu erakargarri asko dituelako: iluntzean da, lagunartean egiten den ospakizuna. Batzuentzat aurreneko aldia da iluntzean lagunekin aterako direna. Xarma badu horrek. Bestetik, mozorroa dago. Jantziak transformazio moduko bat eragiten du eta horren baitan giroa sortzen da. Azkenik, sustoa edo beldurrak eragiten duen adrenalina dago. Eta ahaztu gabe gozokiak eta, hainbat kasutan, gaztainak. Haurrentzat eta gaztetxoentzat, beraz, oso erakargarria da. Gurasoei dagokienez, badakite beste herri batzuetan Gau Beltza antolatzen dela, baina ez dakite ondo berreskurapen lan bat den edo ez. Jakiteko eta ezagutzeko gosez dira. Hainbat herritan bada Halloween jaiarekiko erreakzio bat. Deserosotasun batetik sortutako ekimena da, Halloween indarra hartzen ari delako, eta haren alternatiba moduan antolatzen da Gau Beltza. Baina beste udalerri batzuetan ez dago Halloween, eta Gau Beltza antolatzen dute, nahi dutelako eta zerbait berria delako. Osagai erakargarriak dauzka, baita helduentzat ere.

Bada ildo bat hizkuntzari eta euskalgintzari loturikoa; eta hori, berez, albiste pozgarria da.

Nik uste dut gakoetako bat hori dela, eta potentzialtasun handia du, alde horretatik. Euskaraz aisialdian ondo pasatzeko aukera eskaintzen digu Gau Beltzak, eta elementu oso erakargarriekin. Euskararentzat positiboa da.

"Herri bakoitzak bere formula bilatu behar du, ez daude bi Gau Beltz berdin"

Iraganean bazen Gau Beltza, hainbat lekukotzaren arabera. Gerra ondoren egon zen jazarpenaren beste adibide bat da etenaldia. Zure liburuan, aitonak jai haren berri ematen dio bilobari.

Aldaketak gertatu dira Domu Santu Egunaren baitan. Nik gogoan dut txikitan apain jantzita hilerrira joaten ginela eta ondoren bazkaltzeko familian elkartzen ginela. Hori desagertuz joan da, elizak eta hari loturiko ohiturak galdu diren bezalaxe. Ikusi genuen bazegoela mugimendu bat Halloweenen bueltan antolatzen ari zena. Jendea mozorrotuta ikusten genuen, txirrina jotzen zuten etxeetan... Era berean, Oier Araolazak egindako bilketaren ostean, zabaldu zen albistea hamarkada batzuk atzera gure aitona-amonak kalabazekin jolasten aritzen zirela. Kalabazak baratzetik lapurtu, aurpegi forma eman, kandela bat piztu eta bidexkan kokatzen zutela jendea beldurtzeko. Elementu horiek guztiak antropologo batentzat oso erakargarriak ziren, eta ikerketa egiteari ekin genion. Jakin nahi genuen aitona-amonen kontua zer izan zen, eta Euskal Herrian barrena ibili ginen, herri askotan galdezka. Eta nahiko orokorra da izan bazela zerbait. Baina gehiago zen bihurrikeria. Testuinguruan jarri behar dugu orduko errealitatea. Ez zegoen, egun bezala, hainbeste argi kaleetan. Orain, kalean argia nonahi dago, gau osoan. Garai hartan bazegoen farol bat plaza erdian, eta askoz gehiago ez. Eta, bestalde, jendea ez zen autoz mugitzen. Ibilbidea oinez egiten zen, eta, beraz, bidean kalabazarekin topatzea beldurgarria zen. Udazkenean egiten ziren horrelakoak, baina, bereziki, urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an, hildakoak oroitzeko egunekin bat eginez. Bazen ustea garai hartan arimak hurbiltzen zirela egun haietan, eta kalabaza batean aurpegi bat ikustea beldurgarria izaten zen.

Antropologiaren ikuspegitik, zer nolako garrantzia du jaia antolatzeak?

Antropologian ikertuta dago festak ez direla festa huts, jaiak ez dira festa bakarrik. Jaiaren barruan balioak, emozioak, ideiak daude... Kasu honetan, inguru osoan eragiten duen ekimen bat da. Gau Beltzak hartu ditu ezaugarri batzuk emozioen ikuspegitik indartsuak direnak. Transmisioaren ikuspegitik kalabaza aipatuko nuke. Lehen, bihurrikeria bat zen, eta garai hartan gurasoek errieta egiten zieten horrelakoak egiteagatik. Baina gaur egun, festak hartu du protagonismoa.  Gaztainak aipatuko nituzke, bestalde. Gozokiak haurrentzat beti dira erakargarri, baina astero jaten dituzte. Eta gaztainak urtean behin jaten dira. Gutizia bilakatu da gaztaina. Horren bidetik naturaren garaian murgiltzen gara. Garaian garaiko fruituak dira kalabaza eta gaztaina. Are gehiago, hainbat eskolatan barazkiaren hazia hartu eta maiatzean eskolako baratzean landatzen dute. Kalabaza hazten ikusi eta eguna iristean aurpegiaren forma ematen diote. Eta, horrez guztiaz gain, heriotza lantzeko aukera ematen du gaiak. Batzuetan, modu arinean; beste batzuetan, seriotasun handiagoarekin. Nolanahi ere, presentzia hartu ohi du heriotzak. Garaiotan garrantzia ematen diot heriotza bizidunen aldera ekartzeari, tabu moduko bat bilakatu baita. Eta heriotza bizitzaren parte da, eta Gau Beltzak heriotzaz hitz egiteko aukera ematen digu.

Hamaika herritan ospatzen dute Gau Beltza urriaren 31ren bueltan. Argazkia: Paula Gonzalez. 

Halloween/Gau Beltza bitasun horren baitan nork nori egiten dion itzal galdetu zizuten 'Berria'-n. Eta zure erantzuna ez zen niretzat oharkabean igaro…

Egia esan nahi badizut, ez dut ondo gogoan erantzuna.

"Halloweenek itzal egingo dio Gau Beltzari?", galdetu zizuten. Eta zuk honako hau erantzun: "Alderantziz izan dela esango nuke. XXI. mende hasieratik ari da Halloween festa zabaltzen inguruan: haurrek ikusi, eta ospatu egin nahi zuten, baina ospakizun horrek zalantzak sortu dizkie guraso edo aisialdi talde batzuei. Antolatu, eta Gau Beltza ospatzen hasi dira. Nolabait, herritik sortutako festa bat da, herrikoia. Halloween ez da Gau Beltza bezala antolatutako festa bat, baizik eta taberna batek edo komertzio batek, kanpaina ikuspegitik, egindako dekorazioa edo haur batzuek euren kasa etxez etxe egiten duten gozoki bilketa".

Gau Beltza indartsu ari da loratzen. Ikuspegi historikotik ospakizun guztiak eraldatzen dira. Halloween ez da antolatzen den festa bat. Bere garaian, talde txikietan egiten zen, truco o trato eskean ibiltzeko. Ondoren, telebistatik sartu zitzaigun, eta egutegi kontsumistan sartzen den ekimen bat da. Baina Gau Beltza antolatu egiten da; hainbat kasutan, elementu oso erakargarriekin. Herrietan antolatzen denean jende pila bat elkartzen da. Indar erakustaldi handia da. Erreakzio modura sortu da, hori egia da, baina beste hainbat tokitan bere horretan sortu da festa. Baliarrainen bizi naiz, herri txiki batean, eta han ez zegoen Halloween. Ez zegoen alternatiba bat sortzeko beharrik. Baina bai beste behar batzuk; esaterako, haurrak protagonista izango diren ekitaldiak antolatzea. Horrek herrian, komunitatean, eragina dauka. 6 eta 10 urtekoak dira nire haurrak eta Gau Beltza euren festa da. Halloween badela jakin badakite, baina Gau Beltza ospatzen dute eta jai hori euren herriaren parte dela sentitzen dute.

Zein elementu oinarrizko izan behar ditu Gau Beltzak?

Ikusten ari gara badituela ezaugarri komun batzuk. Zerorrek aipatu duzu bat. Euskaraz da, eta Euskal Herritik pentsatutako jaia. Euskal kulturatik pentsatua dela esango genuke, dituen elementuengatik. Euskal kulturan eta euskal jaietan presentzia handia dutelako. Kalabaza, puska-biltzea izan daitezke. Aspaldian komunitatean elkartu eta etxez etxe ibiltzen ziren, sobera zuten janari hori emanez. Batzuk arrautzak, besteek txerrikia... Gero, denak elkartu eta denen artean jaten zuten. Gau Beltzak zentzu hori hartu du hainbat udalerritan. Izan ere, aspaldiko neguko ohitura hori galdu egin zen, eta Gau Beltzarekin lotu dute berriro. Naturarekiko lotura aipatu beharko genuke, ezinbestean. Kalabaza eta gaztaina hizpide izan dugu. Mozorroa aipatuko nuke, bestetik. Irudimena eta sormena baliatuta, etxean ditugun elementuekin osa daiteke mozorroa. Eta, azkenik, mitologia lantzeko aukera ematen du egunak.

"Hamarkada batzuk atzera gure aitona-amonak kalabazekin jolasten ziren"

Bestalde, ez dago formula bakarra. Behar da norbait jaia bideratzeko, baina badago euskaraz eta taldean egiten den jaia aurrera ateratzeko gogoa. Zure esperientziaren arabera, zein eredu nabarmenduko zenituzke?

Aipatu duzuna gakoetako bat da. Herri bakoitzak bere formula bilatu behar du: Ez daude bi Gau Beltz berdin, ez baitaude berdinak diren bi udalerri. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere izateko era... Bakoitzak bere gakoa aurkitzean datza arrakasta. Baliarrain 150 biztanleko herria da, eta, alde horretatik, baditu abantailak eta gabeziak. Gurean puska-biltzea egiterik badago. Errenteria, aldiz, 40.000 biztanleko udalerria da, eta sekulakoa antolatzen dute. Hemezortzi talderen artean egiten da, eta, beraz, jaiaren atzean antolaketa handia dago. Aurrekontu ekonomikoa baino gehiago, Gau Beltzak aurrez egin beharreko lanketa bat eskatzen du. Zergatik antolatu? Zertarako? Zer lortu nahi da? Oinarrizko informazioa bildu eta saretze-lana egin behar da. Ez da pertsona bakar batek antolatzeko jaia, baizik eta elkarte eta pertsona ezberdinen artean. Horrela arrakasta lortzea errazagoa izango da. Modu horretan, herrikoi bihurtzen da, herritik sortutako festa bat.

Haziz doa, beraz, ospakizuna.

Bai, bai. Duela zortzi urte, bost udalerri ziren. Eta orain, puntuz beteko litzateke mapa.

Euskaltzaleen Topaguneak egin du bere lana; aipamena merezi dute.

Ezinbestean. Guk ikerketa egin genuen, baina tresnak eta baliabideak Topaguneak eskaini ditu. Gaubeltza.eus webgunearen bidez, bereziki. Ospakizuna ikusgarri bilakatu dute.

Bukatu aurretik, adierazi diguzu Baliarrainen ospatuko duzula Gau Beltza; nolakoa da ospakizuna zuen herrian?

Oso-oso polita da, oso herrikoia. Plazan elkartzen gara guztiak. Danbolinean gaztainak erretzen dira, eta gero, bakoitzak sutara paperean idatzitako beldur bat botatzen dugu. Kanpaiak jotzen hasi, eta herriko farol guztiak itzaltzen dira. Puska-biltzea egiten da etxez etxe, eta horrela jakiak biltzen ditugu: bizkotxoa, tortilla, gozokiak... Traktorean elkartera eraman, eta bertan jaten da. Ondoren, beldurraren ibilbidea egiten dugu. Batera goaz guztiak eta, tarteka, ezusteak jasotzen ditugu. Iaz, Patxi Errementeriaren kontakizuna izan genuen. Oso festa polita da, berez.

Ederki; goza dezagun Gau Beltza ospatzen den herrietan. Eta horrelakorik egiten ez dutenetan, akaso, Baliarrainera joatea da aukera bat. Ez dakit esan ote daitekeen...

Herri txikia da, gero!

Ondo ondo pasa!

Eskerrik asko.

Elkarrizketa hau TTAP aldizkari multimediak argitaratu du, eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago