2025eko ALEA bideo-kopla lehiaketa martxan da

Erredakzioa 2025eko urriaren 6a

Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako ALEAk elkarlanean antolatuta, martxan da aurten ere Araba osoko 14 urte arteko gaztetxoei zuzendutako bideo-kopla lehiaketaren seigarren edizioa. Parte hartzeko epea azaroaren 19ra arte zabalik!

Gasteizko Udalak antolatzen duen Euskararen Astearen egitarauan txertatuta, gure lurraldean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin eta aurreko urteetan izandako arrakastak hauspotuta, Bertso-kopla Lehiaketaren VI. edizioa antolatu dugu aurten ere. Aurten berritasun bezala Aiaraladea komunikabide eta faktoria gehitzen zaikigu laguntzaile bezala.

Modu honetan, bertsolaritza eta teknologia berriak uztartuta, taldeka, Arabako bertsolari gazteek beraien adimena eta sormena erakusteko aukera izango dute, bideo lehiaketa formatuan.

Parte hartzea oso erraza da, hiru eta sei kopla artean osatu beharko ditu talde bakoitzak proposatutako gaia landuta. Hauxe gaia:

Gure herriko xelebrekeriak

Bertsoak osatutakoan, horiek bideoan grabatu eta ALEAra bidali beharko dituzte parte-hartzaileen (bideoan agertzen diren taldekide guztien) datuekin batera.

Horretarako egokitutako galdetegia erabili beharko da:

 

OHAR GARRANTZITSUAK

  • Bideoak galdetegiaren bitartez edo ALEaren webguneko lehiaketaren bidez bakarrik bidali ahalko dira. Ez dira onartuko emailez, whatsapp bidez edo beste edozein bidetatik jasotako bideoak.
  • Epe barruan jasotako bideoak bakarrik onartuko dira. Bidalketa epea azaroaren 19ko 17:00etan bukatuko da.
  • Bideoak bidaltzeko arazorik izatekotan, bide hauetatik argitu ahalko dira zalantzak:
    • 695 63 28 62 telefono zenbakira deituta, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara.
    • bideokopla@gmail.com helbidera idatzita (erantzuna mezua jasotzen denetik hurrengo 24 orduetan emango da).

Irabazleak eta sariak

Jasotzen diren lanen artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak, eta, horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute; baliteke ere epaimahaiak aipamen bereziak ematea talde gehiagori.

Ugari izango dira sarituak horrenbestez, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:

  • Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Eskape Room bat Lautadan.
  • BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia..
  • HONTZA EXTREM abentura parkean taldean gozatzeko esperientzia.
  • ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.

Sari banaketa

Sari banaketa abenduaren 14an egingo da, oraindik zehazteke dagoen Gasteizko areto batean. Ekitaldian, irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, saio musikatuaz gozatu ahalko da lurraldeko bertsolari onenen eskutik.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak edo sarrerak aldez aurretik erreserbatu ahal izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago