Bernedoko kanpaleku pribatu baten inguruan ezagutarazi diren informazioen harira, aldundiak gaitzetsi egin du "adingabeen duintasuna urratzen duen praktika oro", eta aurreratu du "eskura dituzten baliabide guztiak" jarriko dituztela kontua argitu eta gertakari horiek "berriro errepika ez daitezen".
Diotenez, "praktika bakar batek ere ezin du arriskuan jarri haurren segurtasun fisiko eta emozionala", eta haur zein nerabeen babesarekiko "konpromiso irmoa" berretsi dute. Besteak beste, eta kanpaleku horren gaineko ardura ez izanda ere, aldundiak dio Sarrea Euskal Udalekuak elkarteari dokumentazioa eskatu diola, haren programa eta jarduerak ezagutzeko. "Administrazio gisa, ez dugu beste alde batera begiratuko, gure eskumenekoa izan ala ez", esan du Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak, erakundeak zabaldutako ohar batean.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere gaitzespena adierazi du "publikoki salatutako ustezko gertakarien aurrean", baina "funtsezkotzat" jo du gertaerak argitu arte itxarotea. Ohartarazi dute, ordea, aisialdi hezigarria "giza duintasunarekiko erabateko errespetuan" oinarritu beharra dagoela, "ingurune seguru eta babesle batean". Hori dela eta, uste dute pertsona bakoitzaren "duintasuna ukaezina" dela, eta "bateraezina" dela duintasun hori arriskuan jartzen duen ezein praktikarekin.
Vocento taldeko egunkari batek eman ditu Bernedoko udaleku horietan gertatutakoaren gaineko hainbat informazio, batez ere dutxa mistoetan fokua jarrita. Udalekuak kudeatzen dituen elkarteak sare sozialetan zabaldu duen agiri batean, ordea, esan du zabaldu den kontakizuna "errealitatetik oso urrun" dagoela, eta "mezu transfoboak zabaltzeko" erabili izan dela. "Feminismoa, euskara eta auzolana oinarri dituen proiektu autogestionatua" izanik, argudiatu dute haur eta gazteei balio horietan oinarritutako udalekuak eskaintzen dizkietela.