Ardiei ilea noiz mozten hasi zitzaien argitzeko zirrikitua aurkitu dute

Erredakzioa 2025eko uztailaren 17a

Asier Vallejo kimikariak gidatu du ikerketa. Argazkia: NURIA GONALEZ / EHU

EHUko ikertzaileek historiaurreko tresnetan lanolina detektatzeko metodoa garatu dute. Aztarnategietan aurkitutako tresnetan probatzea izango da hurrengo pausoa.

Ardien ilea mozten noiz hasi zen jakiteko metodologia analitiko berria garatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Hala, Farmazia Fakultateko MetaboloMips taldea arkeologia esperimentalaz baliatu da silexez eta obsidianaz egindako historiaurreko tresnetan lanolinarik ote dagoen jakiteko. Artilean dagoen argizari bat da lanolina, eta, logikoa denez, tresna horretan ardien ilearen aztarna hori ote dagoen jakin ahal izatea da helburua. EHUk ohar batean ohartarazi duenez, baina, ester, alkohol, gantz azido eta hidrokarburoz osatutako nahaste konplexua denez, zaila da lanolina kimikoki ezaugarritzea.

Gaur egun adituek ez dute guztiz argi noiz hasi zen ardiei ilea mozteko jarduera. Teoria zabalduenak Neolitoan kokatzen du hori, baina guztiz zaila da aztarnategietan horren zantzurik aurkitzea. Hori dela eta, tresnetan geratu ahal ziren arrasto ñimiñoei erreparatu diete.  

Asier Vallejo doktoreak zuzendutako taldeak ardiei ilea moztu die, gaur egun sortutako silexezko eta obsidianazko tresnekin. Ondoren, tresna horiek degradazio kamera batean sartu dituzte, urteen poderioz gertatzen den narriadura fenomenoak nolabait simulatzeko. Hurrengo urratsa izan da bertan dauden konposatuen analisia egitea, egonkor direnak eta sortu berriak bereizteko. "Konposatu eratorri horiek hain kantitate txikietan detektatzeko moduak ere bilatu behar izan ditugu", azaldu du Vallejok.

Metodologia ez suntsitzailea garatzen ahalegindu badira ere, momentuz ez dute lortu. Izan ere, lehenik eta behin laginak suntsitzen ez dituen espektroskopiaz ahalegindu dira, baina ez dira atzemateko gai izan. Gas kromatografia eta masa espektrometria erabilita, berriz, bai lortu dute lanolina aurkitzea.  

Hurrengo pauso logikoa da metodologia hau benetako tresna arkeologikoetan erabiltzea, horietan lanolina hautematen saiatzen lortu aldera. Vallejok metodologia honen garrantzia azpimarratu du, horren bitartez arkeologoek aukera izango baitute ehungintzaren abiapuntua zer garaitakoa den argitzeko. Gogora ekarri du gaur egun batez ere ardiei parasitoak kentzeko eta udarako prestatzeko moztu ohi zaiela ilea, baina garai batean artilea janzteko ere erabili zela.

 

Erlazionatuak

Neguko berokia erantzi diote artaldeari

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute uzt 05 Añana   Gaubea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago