irudi galeria

Neguko berokia erantzi diote artaldeari

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko uzt. 5a, 08:00

Artaldeak mozteko egunak izaten dira hauek Euskal Herri osoan. Neguko artile mordoa erantziko diete artaldeei eta larreetara aterako dituzte, udako beroaldiari aurre egiteko prest. Moztaileek, artzainek eta etxekoek lan gogorra egiten dute.

Argazkiak: PHOT.OK

Beroaldi betean biluztu dituzte artaldeak Gaubean, Joseba Ugalde moztaile zornotzarraren laguntzari esker. Hasiera batean ardiei ilea mozteko hitzordua atzeratzeko asmoa bazuten ere –alarma horia iragarrita zuen Euskalmetek Arabako mendebaldean tenperatura altuengatik–, ardi moztailearen agenda korapilatsua ikusirik, aurrera egitea erabaki dute Arabako artzainek, eta hiru baserritako ehun bat ardiei berokia erantzi diete jada. Fresko-fresko dabiltza orain inguruko larreetan animaliak, bi minutu eskas irauten duen ileapaindegiko estualdiaren ondoren.

Euskal Herrian milioi bat ardi daudela kalkulatzen du Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak, eta ilea moztu behar zaie, ezinbestez. Horregatik lan eskerga izaten dute garai honetan ardi moztaileek, izan ere martxotik uztailera bitartean biltzen da ardiak mozteko lan gehiena. Lehen, herri txikietan artzainak berak eta etxekoek eskuz, artaziekin, egiten zuten lan hori, eta orain, berriz, ile moztaile profesionalei dagokie funtsezko zerbitzua eskaintzea. 

Ardiak moztu ondoren, ukuilutik atera eta larreetara ateratzen dituzte, lasai asko bazkatzera. 

Azken ehun urteotan, gainera, teknologien garapenari esker, makina elektrikoek eta ilea mozteko metodo berriek lana azkarrago egitea eta erosoagoa izatea ahalbidetu dute. Ardientzat eta moztaileentzat abantaila dira sistema berriak. 

Halere, "ez da bi edo hiru egunetan  ikasten den teknika", Ugaldek azaldu duenez, eta euskal moztaile profesional gehienek Zeelanda Berrira bidaiatu behar izaten dute bertako teknikak ikasteko. Izan ere, Zeelanda Berriko Bowen metodoa erabiltzen dute Euskal Herrian ardi ile mozketarako. Sistema horrek artilea pieza oso bakar batean ateratzea bermatzen du, eta ardiaren ongizatea zaintzea. "Ardiei ilea mozteak trebetasuna, zehaztasuna, erresistentzia fisikoa, arintasuna eta teknika egokia landuta izatea eskatzen du. Teknikoki artilea modu eraginkorrean kentzeko beharrezkoak diren posizioak, manipulazioa eta mugimenduak ikastea eta praktikatzea beharrezkoa da", adierazi du Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko kideak. 

Ugaldek bi minutu eskas behar ditu Teresa Andresen sasi-ardi bakoitzari ilea mozteko, nahiz eta ardiek ez dioten lana errazten. "Deseroso daude duela gutxi jan dutelako", esan dio Ugaldek artzainari. Ostikoak ematen dituzte ardiek, eta etengabe ihes egiten saiatzen dira ardi jartzaileak itxituratik banan-banan atera eta moztailearen ondoan jartzen dituenean. Indarra behar du Andresek ardiak heltzeko, aurreko hanketatik eusteko eta Ugalderi emateko. Hanka artean jartzen ditu ardiak moztaileak eta makinari eragiten dio. Lepo inguruko ileak mozten dizkie lehenik ardiei, eta sabelekoak gero. Besoetatik eta izterretatik goraka, bizkar aldera heltzen da moztailea. Bi minutu igarotzerako, korrika bizian abiatzen da lehenengo ardia, Ugalderen hanka artetik.

Prestakuntza fisikoa funtsezkoa da, moztaileek ordu luzez mantendu behar baitute lan erritmoa. Moztaileek egiten dituzten mugimendu errepikakorrek neke fisiko handia eragiten dute, batez ere bizkarrean, sorbaldetan, hanketan eta besoetan. Ardia hanken artean eustea eta makurtuta egotea ez da erraza. Moztaileek indartze eta egokitze ariketak egin behar dituzte, eta luzamenduak ere oso garrantzitsuak dira lesioak saihesteko. 

Artilearekin arazoak

Artilea pilatzen ari da moztailearen ondoan, Andresek eta Ugaldek izerdia botatzen duten bitartean. Artilearekin zer egin arazo bilakatu da baserritarrentzat. Kexu da moztailea artileak balioa galdu duelako "petrolioz" egindako ehunen aurrean, eta Europako Batasunari egotzi dio ardura. Artilea baliorik gabeko azpiproduktu bilakatu denez geroztik, gainera, moztaileen lanak ere balioa galdu du. "Artzainek esaten dute artileak ez duela ezertarako balio, eta moztaileari pagatzea… Ez dut ulertzen zergatik gertatu den hau. Isolamendu bezala produktu ezin hobea da artilea, baina esaten dute produzitzea oso garestia dela. Gaur erabiltzen ditugun fibra guztiak petroliozkoak dira. Lehen dirua egiten zen artilearekin", esan du Ugaldek. 

Ardi moztaile profesionala da Joseba Ugalde. Martxotik uztailera arte lan eskerga izaten du

Animalien oheak egiteko edo ongarriak prestatzeko erabiltzen dute abeltzainek ardia moztu ondoren sortzen den artilea, edo, beste barik, zakarretara botatzen dute. Andresen ustiategian artilea nahasten dute ardien simaurrarekin batera, eta ongarria egiten dute. 

Txikitatik ardiak mozten daki Ugaldek. Kontatu duenez, baserrian aitarekin batera artaziekin mozten zituen, eta gero moztaile profesionalekin lan egin zuen, eta haiekin ikasi du ofizioa. Zeelanda Berrian ere egon da lanean, eta Espainiako selekzioarekin lehiatu da munduko txapelketan. Euskal Herrian oso eskilatzaile onak daudela nabarmendu du Ugaldek, maila handia dagoela. "Kanpokoak oso onak dira, eta hemengoak ere bai", esan du.

Ardi mozte eguna berezia izan da artzainentzat, eta baita gonbidatuentzat ere. Ordubatak aldera hasi dute eguna Karkamuko bi artalde txiki mozten eta Karankan amaitu dute arratsaldeko seiak aldera azken ardiak biluzten. Urduri hasi dute eguna, baina pozik amaitu dute. Ardiek agur esan diote behingoz neguari eta udako beroari aurre egiteko prest daude. 

Erlazionatuak

Euskal Herria, izen abizenez

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute uzt 05 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago